NATXO DE FELIPE
Kuarteto Philiperena: Xabier de Felipe (1. biolina), Przemyslaw Pujanek (2. biolina eta moldaketak), Esther Alba (biola), Karmele Castillo (biolontxeloa). Egitaraua: Abandonatuak: inoiz grabatu edota interpretatu ez diren Oskorriren kantuak. Lekua: Arantzazuko Santutegia. Eguna: abuztuaren 20a.
Oskorri martxan zeneko garaian grabatu edota interpretatu gabe geratu ziren kantuen bueltan Natxo de Felipek egin duen itzulera jakin-min osoz bizi izan nuen Arantzazun. Duela gutxi argitaratu zen Abandonatuak diskoa, baina hura entzutea ekidin dut, kontzertura ahalik eta garbien joan ahal izateko, abesti horiek niretzat benetan berriak zirelako irudipena ez galtzeko. Badirudi behingoz ideia on bat izan dudala, esperientzia are gogobetegarriagoa izan baitzen kantuak ezezagunak zitzaizkidalako.Â
Sinetsita nago musika «ona» delako baieztapena ia beti melodiaren sorkuntzarekin eta garapenarekin lotuta dagoela. Edo, hobe esanda, melodia on batek beti egingo duela musika ere on. Eta NDFk, ez dakit nola, ez dakit zergatik, sekulako gaitasuna dauka doinu onak sortzeko eta, ondorioz, musika ona sortzeko. Horregatik da, jakina, euskal kantagintzaren erreferente nagusietako bat. Wikipediak dio Badok.eus atarian 156 kantutan agertzen dela egile moduan, baita Bertsozale Elkarteak bertsotarako baliagarriak diren 27 doinu jaso dizkiola ere, horietako asko euskal errepertorio kolektiboan gordeta. Musika eta hitzak batzeko lana uste baino neketsuagoa da, eta historian zehar konpositore klasiko handi askok ez diote neurria hartu guztiz. Alde horretatik, eta inolako zalantzarik gabe, Natxo de Felipe lehen mailako konpositoretzat hartu behar da.Â
Eta gaitasun horri beste bi garrantzitsu gehitu behar zaizkio: bata, musikari fin eta irudimentsuez inguratzekoa; bestea, hitzak senez eta emozioz aukeratzeko eta lantzekoa. Oraintxe aurkeztu dituen abesti abandonatuak zama poetiko askotarikoez hornituta datoz, eta, gainera, Kuarteto Philiperenaren musika garapen eta sostengu zorrotz eta ederra dute. Pujanekek egindako moldaketek bikain islatzen dute olerkiek berek eta NDFren melodiek egiten dutena: hizkuntza jasoa eta herrikoia bateratu eta horiekin jolastu, aurkakoak izango ez balira bezala, ez baitira aurkakoak. Nik, hankek uzten didaten bitartean behintzat, jarraituko dut «korri eta korri».