DONOSTIAKO 61. JAZZALDIA
Peirani jauna (Niza, 1980) jazz musikari berritzailea dugu. Atsegina musika sortzeko orduan. Giro ederrak, doinu kasik hipnotikoak. Lasaigarriak hasieran, gerora biziak eta indartsuagoak bihurtuko direnak. Eskusoinuarekin arpegio borobil amaiezinak sortuko ditu. Musikari gisa zaildua dagoela erakusten du Peirani jaunak. Azken lana aurkeztera dator, aurreko urtean sortutako Living Being IV (Time reflections) (Gizaki bizidunak-Denboraren islapenak), sorkuntza handiko diskoa.
Emile Parissiene (Cahors, 1982) saxo sopranoa eskusoinuaren lagun paregabea izango da kontzertu osoan. Melodia sakonak jo, eta, musikan erabat murgilduta dagoenean, saltotxoak egin eta hankak era berezi batean mugitzen ditu. Inpultso elektrikoak jasaten dituela dirudi. Sorkuntza eta giro ederrak bilatzen dituen musikaria dugu, eta Peironirekin sekulako elkar ulertzea erakusten du. Bestalde, Yoann Serra bateriarekin solte eta dinamiko, solo bikainak eginez.
Proposamen oso interesgarria Peirani jaunarena. Jazz europarrari ekarpen handia egiten diona.
'New Sketches of Spain'
Erik Truffaz (ChĂªne- Bougeries, 1960) eta Antonio Lizana (San Fernando, 1986) dira New Sketches of Spain izeneko proiektuaren aurpegiak, baita sakoneko protagonistak ere. Baina, aldi berean, Renaud Gabriel Pion musikaria aipatu behar da, kontzertuan klarinete baxuarekin jardun dena, baina musikaren moldaketen egile eta zenbait abestiren sortzaile ere badena. Eta Vincent Thomas ekoizlea ere hor dugu, perkusioa gogo onez jotzen. Aipatzekoa ere Pau Figueres gitarra jotzaile katalana, oso flamenko era berean; gustu handiko musikaria dela erakutsi digu. Baxuarekin, Arin Keshishi, Iranen jaioa baina armeniarra kulturaz, izugarri ongi moldatu da bere sei sokako baxuarekin. Aipatu behar ere Sara Sanchez dantzaria, flamenko estiloan takoi jole bikaina dela erakutsi digu, eta Manuel de la Torre bateriarekin batera erronka moduko duo bat sortu dute, norgehiagoka interesgarria, dantza eta erritmoak uztartuz.
Miles Davis Rodrigo maisuak 1960an munduari zabaldu zion Aranjuezko kontzertua Sketches of Spain disko mitikoan. Orain, 66 urte ondoren, musikari bikain hauek elkartu dira, berriro ere jazza eta flamenkoa fusionatzeko asmoz.
Truffaz jauna oso moldakor ikusi dugu, tronpeta doinu berezi eta lasaigarri batzuk erabili izan ditu tarteka, eta Aranjuez kontzertuko notak izan ditu inspirazio iturri. Aldiz, Antonio Lizana cadiztarra zoragarri aritu da, bere doinu flamenkoak eta jazza nahasten saxoarekin, une batean baita flautarekin ere. Eta flamenko erara abesten ahots lazgarri eta sentipen handikoa erakutsi digu. Nabaria jaiotzetik datorkion sena duela, bai abestean bai saxofoia jotzean.
Eta, tamalez, amaitu da 61. Jazzaldi eder hau! Apenas hiru tanta izan genituen larunbatean, eta mila sentsazio eder gauero, Trinitate plazan.