Kritika. Literatura

Joandakoen aingurak

Karmele Mitxelenaren 'Haragizko mamuak' ipuin liburua
Karmele Mitxelenaren 'Haragizko mamuak' ipuin liburua
2024ko apirilaren 7a
05:10
Entzun

'HARAGIZKO MAMUAK'

Idazlea: Karmele Mitxelena.

 Argitaletxea: Elkar.

«Bizitzan leku bat ematen dizu heriotzak, zure agurraren minak presente egiten zaitu, eta doluak oraindik existitzen zarela sinistarazten dit, oraindik alboan zaudela». Halaxe diosku Karmele Mitxelenaren azken ipuinak 2022an argitaratu, eta urte berean Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi zuen Haragizko mamuak ipuin liburuan. Izan ere, joandakoen aingurak hartuta eta minari lotuta bizi dira hamar ipuinetako protagonistak. Batzuk heriotzak berak eraman ditu; besteak, ordea, bizitzak eta eguneroko jazoerek; edonola ere, galerek, fisikoek nahiz psikologikoek, mina dakartela kontatzen dizkigute narrazioek, horixe baita guztiak lotzen dituen hari tematiko nagusia: hezur-haragizkoak diren ezinezkoak. Hala, irakurleak oraindik gorputz eta haragi presente egon arren, jada bizi ez diren pertsonaiak aurkituko ditu, eta eurekin batera, absentzia horrekin bizi behar izango dutenak ere; «hutsunez betetako barrua baino ez dela» pentsatzen duen Montse; zaintza sektorea indarkeria eremua da Amandarentzat; eta indarkeria bertsuak astintzen dizkio barrenak osaba Pedroren beldur den haurrari. Hamar bizitza, hamar hutsune eta hamar min; guztiak ere triste, guztiak ere aurrera egin ezinean.

Tematikoki ez ezik, narratologikoki ere badute loturarik ipuinok: guztietan aurkituko dugu lehenengo pertsonatik mintzo den narratzaile berdina. Diskurtso intimo horrek, hain zuzen ere, beltzez jantzitako protagonisten barne mundua ezagutzea ahalbidetuko digu. Intentsitateari begira, ordea, badira aldeak konposizioen artean: badira narrazio orekatuago eta lauagoak, hasieratik bertatik gertatzen denaz ohartarazten gaituztenak; bestela esanda, ageriko inflexio punturik eta ezusteko bukaerarik ez dutenak. Mota horretakoak iruditu zaizkit Itolarria, Aurrera begira, Eta orain? eta Bizitza-segundoak ipuinak. Gainontzekoek, ordea, «moderno» deritzoten ipuinen antz handiagoa dute: intentsitatea lerroz lerro eraikitzen da, eta batik bat bukaeran ematen dute kolpea. Nahiz eta guztiak maila berekoak ez izan, azken multzo horretako kontakizunak gustatu zaizkit gehien, gustu nahiko klasikoa baitut ipuinei dagokienez. Ez dira ipuin laburrak bereziki, baina esango nuke kasu honetan luzera lagungarri zaiola autoreari: apurka-apurka, orain aurrera eginez, eta gero berriro atzera, humanoak diren eguneroko bizitzak eta minak gorpuztea lortzen du liburuak. Maiz metafora eta ideia batzuk gehiegi errepikatzen eta garatzen dituela iruditu zaidan arren, oro har, iradokitzen dakiela erakutsi du Karmele Mitxelenak, eta eskertu dudan alderdia izan da hori.

Guztiarekin ere, tropoen mundua eta lengoaia ondo ezagutzen eta erabiltzen duen idazle bat deskubrituko dugu hamar ipuinotan zehar, metaforaz eta paralelismoz esan ezinezkoen diskurtsoa eraikitzen dakiena, hain zuzen. Narratiban, eta, zehazki, ipuingintzan, Karmele Mitxelenaren opera prima dugu Haragizko mamuak. Gustatuko litzaidake ikustea hurrengo ipuin liburuan ahots eta estilo narratibo bera lantzen jarraitzen duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.