'33 ezkil'

Kanpaiak ordainduko du

Egilea: Miren Gorrotxategi. Argitaletxea: Elkar.

2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Miren Gorrotxategik (Azpeitia, 1981) Augustin Zubikarai Saria (nobela sortzeko beka) eskuratu zuen 2015ean, eta 33 ezkil izenburuko liburua kaleratu berri du. Publikatzen hasi berria den edozein idazlek aukera eskaintzen dio irakurleari bere opera prima-ra aurreiritzirik gabe (edo oso gutxirekin) hurbiltzeko. Eta excusatio labur honekin jarraituz, are, idazlearen jaioterrikoa ni eta bera urtebete gazteagoa izanik, erraz pentsa daiteke background soziokultural afektibo antzekoa konpartitzen dugula, gutxi gorabehera. Horraino nire aurreiritzi aitorgarria (isiltzekoen artean: lehena, emaitza batere ez gustatu eta hemen horretaz idatzi beharraren beldur izana, hurbileko inor haserretzeko ere; eta bigarrena, egileak bi tipografien aldeko hautua egin izana. Zorionez gaurkoan halakorik ez dela gertatuko espero dut).

Argumentuari dagokionez, ezin askorik esan, misterioari eusteko eta informazioa tantaka dosifikatzeko abilezia baita aurreneko puntu aipagarria. Baserri giroko thriller modernoan, guztia Karmen eta Ferminen lurretan burezurra aurkitzean abiatzen da. Abiatu baino gehiago, katramilatu, gertakizunek eta orbainek iraganeraino luzatzen den itzal isil bezain arriskutsua baitute. Pertsonaia gehienak arketipikoak dirudite lehen begiratuan: baserriaz eta familiaz arduratzen den prakak daramatzan ama heldua; aita, apustuzalea bezain edalea den praka-jario sentibera; seme biki zazpikiak bestetik, haietako bat hila; eta, azkenik, osaba aberats zikoitz bihurtua; errain ohia; ertzainak eta hirugarren mailako herri txikiko pertsonaiak, esamesak, fede kontuak eta sineskeriak. Nobela beltz onetan bezala, ordea, osagaiak betikoak ala betirakoak izanagatik (hilketak, drogak, botere harremanak, maitasun eta maitemin gorrotagarriak, iraganeko gatazka konponezinak), xehetasunetan datza jainkoa, eta konta-tekniken zehaztasunean jokoa.

Gorrotxategik bete-betean asmatu duela dirudi; izan ere, alferrikako floritura eta errazkeriak ahal bezala zokoratu eta itxuraz sinplea dirudien kontakizun borobil bezain poliedrikoa osatu du. Zenbaitentzat klasikoa izango da agian (ez dugu landa eremuko askotariko bibliofilmografia zerrendatuko), baina nobela beltz garaikidean erabili izan diren baliabide narratiboak ederki baliatu dira eta istorioaz haragoko auziak zein gizarte kritika- zein eztabaida- gaiak ere ez dira makalak. Era berean, eskertzekoa deritzot (oraingoz behintzat) lur azaleraturiko hezurrek ez dutela Gerra Zibilera eramaten (edota bahituriko haurren dramara), Picassoren Gernika ageri den arren liburuko beste une hunkigarrienetako batean.

33 ezkil gomendatzeko gainerako arrazoien artean, kapitulu laburren egituraketa landua, atalen zein planoen arteko fin jositako trantsizioak eta, motzean esanda, muntatze lanaren taxuketa egokia aipatuzko nituzke. Esaldiak eta egoerak, pertsonaien ageriko zein ezkutuzko ikuspuntuak, iraganaren zamak eta gisako ezaugarriak ederki tenkatuta daude, irakurketaren misterioari eta irakurlearen jakin goseari une oro koska bat estutuz (horratx letra etzaneko pasarteen zioa). Zinez aipatzekoak dira denboraren antolaketa eta, metaforikoak baino gehiago, sarritan alegorikotzat har daitezkeen irudi sekuentziak ere (animaliekiko konparazioak dira horren erakusle).

Balizko irakurleari aurreiritziak baztertu baina badaezpada gehiegi ere ez espero izateko aholkatu edo kasu emanaz amaitu nahi nuke. Errazagoa da horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.