Kritika. Zinema

Kanpoko begirada

Gontzal Agote.
2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
'Jeune et jolie'

Zuzendaria. François Ozon. Aktoreak. Geraldine Pailhas, Charlotte Rampling, Frederic Pierrot, Marine Vacth.

Iraupena: 95 minutu.

Herrialdea: Frantzia.

Zinema frantziarra oso gustuko izanagatik ere, aitortu behar dut François Ozon ez dela inoiz nire kuttunen artean izan. Enpatia arazo bat omen dugu, inoiz ez dut bere pelikulekin beste hainbatekin sentitu ohi dudan dardarizo emozional hori sentitu. Erruz saiatu naiz; alferrik, baina.

Aurreiritzi guztiak aretoa atarian utzita, aldarte onean sartu naiz Jeune et jolie ikustera. Arin joan da pelikula, ez du behar baino luzatu istorioa, eta narrazioa erritmo onean eraman du Ozonek. Hala ere, irtendakoan sartzean bezala sentitu naiz; ez dit zirrara berezirik eragin filmak, eta, horrekin batera, akaso, zerbaitek ihes egin didalako sentipena.

Nerabezarora begira jarri da berriro ere frantziarra, eta sexuarekiko duen tema ere agerrarazi du. Bere filmografiari erreparatuta, ez da nobedade handirik horretan. Voyeur izaera ere gorde du pelikula honetan ere: horren harrera ona izan zuen Dans la maison-en muturreko proposamenera ailegatu gabe, kanpoko begiradak dira nagusi istorioari hurbilketa egitean: anaia gaztea, aitaordea, bezero adindua, ama...

Akaso hautu horretatik datorkio Jeune et jolie-ri kontatzen ari den horrekiko gehiegizkourruntasuna. Afera arantzatsua da filmak pantailara ekarri duena. Horren inguruan, kronista baten kontaera hautatu du zuzendariak, akaso gaiak eragiten ahal duen gehiegizko morboari izkin egin nahian. Baina hautu hori eginda, indarra eta sinesgarritasuna galduko ditu pelikulak.

Isabelleren jokabidearen motibazioak eta prostituzioan aritu izanaren ondorioak ez dira sobera argi geldituko, gaztearen jarrera matxinoa izanen da jasoko dugun erantzun bakarra. Era berean, ulergaitz gertatuko dira familiak eta inguruak izanen dituzte zenbait erreakzio.

Gabeziak orekatzeko, formalki trebezia handiz harilkatutako filma da Jeune et jolie, zuzendari iaio baten esku dotorea antzematen da horren atzetik. Eta are interesgarriagoa dena; tarteka, pelikulak puntu probokatzaile eta anbiguoa hartuko du, sexualitatearekin berarekin bainoago, horrek ematen duen boterearekin lotutakoa. Hori da, ziurrenik, Jeune et jolie-k duen alderdirik interesgarriena; baina, zoritxarrez, bide hori azaletik bakarrik ematen du Ozonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.