'Utzi azalari'

Konplexutasuna azalera

Egilea: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi. Argitaletxea: Dobera Elkartea.

Irati Majuelo.
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Aurreko Bertsolari Txapelketa Nagusian, 2017an, bertso gogoangarriak kantatu zituen Maialen Lujanbiok Irungo finalaurrekoan. Kartzelako ariketan ┬źDena ondo zihoan argia piztu den arte┬╗ gaiari erantzunez, harridura eta zirrara sorrarazi zizkien bertan zen publikoari zein ondoko egunetan Internet eta telebista bidez zabaldu zen bideo birala ikusteko aukera izan zutenei. Horietariko bat izan zen Jexux Eizagirre, eta hunkituta, bertso horiek zuten potentzialaz jakitun, istorio bat sortzeko proposamena egin zion Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaile eta komikilariari. Egun hartan piztu zen txinpartaren emaitza da Utzi azalari nobela grafikoa, Hernaniko Dobera euskara elkartearen bitartez argitaratu dena.

Gau bateko sexu enkontrua deskribatu bazuen Lujanbiok, pertsona ez-bitar baten bizipenetik kontatua, Axpi-k arnasa luzeagoa eman dio istorioari. Izan ere, bertsoak oinarri baditu ere, nobela grafikoa ez da soilik eszena horretara mugatzen, eta, hala, pertsonaiak gehitu eta bakoitzari berezko ibilbide eta ezaugarriak eman dizkie. Aurretik bertsolariak sortutakoa bere horretan beste diziplina batera lekualdatzea ekidin du, beraz, esanahi zabalagoa emanez lanari. Horiek horrela, bi protagonista nagusi aurkezten ditu liburuak, Elene eta Mikel, beste lagun batzuekin batera Sugegorri fanzinea prestatzen aritu direnak, eta gau batez elkarrekin sexua edukitzen dutenak.

Interesgarria da pertsonaien karakterizazioa, sarritan literaturan pertsonaia trans edota ez-bitarrak irudikatzen baitira hori balitz bezala euren ezaugarri bakarra, identitate eta izaera horrek soilik definituko balitu bezala. Nobela ilustratu honetan, berriz, Elene pertsona trans edo ez-bitarra izateaz gain, Arte Ederretako ikaslea ere bada, lagunekin bizi da, gustuko du parrandan ateratzea, fanzine bat sortzen ari da, komikigile kutunak ditu, artean islatzen den gorpuzkera homogeneoak kezkatzen du... Finean, pertsonaia erreal bat da, bere konplexutasunean. Horrek ez du esan nahi istorioan agertoki ideal bat erakusten denik, Elenek iraganean esperientzia txarrak edota hutsalak izan baititu sexuan, eta hori ere agerian geratzen da, gizartean gorputz ez-normatiboekiko dagoen pentsamendu zurruna azalaraziz.

Autoreak baliabide berbera erabili du Mikelekin: ez da pertsonaia laua, baizik eta kezkak eta grinak dituen gizona, bereizgarri jakinak dituen pertsona. Besteak beste, baserrian bizi da aitarekin, familia erlijiosoa edo tradizionala du, poesia idaztea atsegin du, lotsatia da eta maite du naturarekin harremanetan egotea. Bi pertsonaien ezaugarritze aberatsak ahalbidetzen du nobelak amaiera itxirik ez izateak; Elenerekin bizitakoak zerbait pizten dio Mikeli, ez da argi geratzen hausnarketa, ezinegona edota ilusioa ote den, baina bai bulkada bat, elkarrekin igarotako gaua ahanzturan edo indiferentzian galtzen uzten ez duena. Nobela osoan zehar ageri da, halaber, sugearen figura, bi protagonisten eraldaketaren metafora modura funtzionatzen duena.

Bestalde, aipatu beharra dago nobela grafikoak eskaintzen dituen baliabideei zukua atera diela Axpi-k. Irudiari protagonismoa emanik, hitz gutxirekin lortzen du istorio konplexu eta interesgarria osatzea, eta horretarako bere egiten du onomatopeien, keinu txikien edota koloreen adierazgarritasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.