Literatura. 'Trikua esnatu da'

Korapilo mataza

Idazleak: Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel. Argitaletxea: Susa.

Irati Majuelo.
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Lisipe bildumako azkena da Trikua esnatu da saiakera. Teoria feminista guretik eta euskaraz egiteko bidean ezinbesteko tresna bihurtu da Susako bilduma hori, eta zentzuzkoa dirudi azken argitalpen honetan bere burua definitzen duten bi oinarriei buruz gogoetatzea: euskara eta feminismoa.

Inor gutxik ukatuko du emakume edo euskaldun izatea bazterreko izatea dela oraindik gaur egun. Hala ere, gutxi teorizatu da bataren eta bestearen arteko korapiloez, nahiz eta hizkuntzak eta generoak elkar zeharkatzen dutela ezagun dugun. Gaiari lehenago heldu ez izanagatik gure herrian sortutako gatazka eta tentsioen matazak hari solteak dituela jakitun, bi zapalkuntza horien arteko antzekotasunak eta elkar gurutzaketak dakarzkigute Agirrek eta Eskisabelek. Trikua esnatu, matazari heldu eta hari solteei tiraka hasi da.

Euskaldun eta emakume izatearen zapalkuntzak parekatzeko, naturalizazioaren ideia hartzen du oinarri saiakerak. Hau da, «azpiratze egoeran dagoen norbanakoari sinetsaraztea hori dela naturaz, berez, dagokion lekua—natura edota berezkotasuna egitate jatorrizko eta finkoak balira legez—». Emakumeei eta euskara bezalako hizkuntza gutxituei ezarri zaizkien gaitasun mugatuak eta desgaitasunak zalantzan jartzea du helburu lehen atal honek. Era berean, euskararen kasuan, gure komunitate barrutik ere euskara desgaitzeko dagoen joera gogor kritikatzen du.

Ahizpatzat dauzkate feminismoa eta euskalgintza, bigarren mailako borrokatzat tratatuak izanagatik elkarren arteko aliantzak ukaezinak baitira. Feminismoan horrenbeste indar duten publiko/pribatu eta femenino/maskulino dikotomiak darabiltza saiakera honek bi zapalkuntzak alderatzeko. Eskema horrek oso ulergarri egiten ditu bi alorren arteko antzekotasunak, baina paraleloan konparatze horrek batzuetan arrazoiketa nahiko binario eta errepikakor bilakatzen du, gaiaren izaera poliedrikoa arriskuan jarriz. Hala ere, bilatu dituzte elkargurutzaketaren hainbat ertz, eta alde horretatik eskertzekoak dira liburuko zenbait atal, hala nola Euskara maskulinitatetik eraikitzen denean eta Euskalgintzaren emaria, dekolonizazioa atalak. Ezin esan gabe utzi, ertz horien bilaketan zonalde ez euskaldunetako bizipenek garrantzi handiagoa izan zezaketela, hari matazaren korapilo bikoitz edota hirukoitzak azaleratu nahian.

Azken finean, prestigioari, pribilegioei eta botereari buruz ari dira Agirre eta Eskisabel liburu honetan, baina baita zaintzari, ahalduntzeari eta intersekzionalitateari buruz, tartean izanik estereotipoak, frankismoa eta euskal gatazka, esaterako. Pozgarria da eta beharrezkoa iruditzen zait guregan gorpuzten diren bi identitate eta bi borroka teorizatu izana. Izan ere, idazleek dioten moduan, euskaldun eta emakume gisa zapalduak egotetik euskaltzale eta feminista izatera egindako urratsa azaleratzen baita liburuan. Askoren bizitzetan, behin baino gehiagotan zeharkatzen diren bi hari baitira, baina askoz gehiago dira zapalkuntzen arteko hari-sarea ikusi eta sentitzen ez dutenak, nor bere korapiloan zentraturik. Baliagarri izan bedi bai euskalgintzarako, bai feminismorako: euskalgintza feminismoan ardazteko, eta feminismoak euskararen aldeko borroka bere egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.