'gerezi hori'
Artista: Maider Aldasoro. Non:Â Rekalde aretoa, Bilbo. Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.
Garai batean gerezi-zurtoinari mingainarekin korapiloa egiteko gai izateak estatusaren berri ematen zuen. Zehazki, norberaren «kapital erotikoaren» adierazleetako bat zen, Catherine Hakimek landutako kontzeptu polemikoa baliatuz. Nerabezaroa izeneko garai hartako oroitzapenetan murgildu nau Gerezi hori erakusketako testuak, Mikel Ruiz Pejenauteren esaldiek. Hitzok Youtuben estreinako musua nola eman bilatu nuen arratsaldea ekarri didate gogora. Pantailaren atzeko ezezagunak txupito edalontzi batekin trebatzeko emandako aholkua jarraitu nueneko une hura. «Kapital erotiko baxua», ondorioztatuko luke Hakimek.
Memoriatik materiara, desira eta mugak korapilatzen dira Maider Aldasororen (Mexiko Hiria, 1992) artelanetan. Hain zuzen ere, materialaren eta gorputzaren arteko hausnarketa mamitsua aurkezten digu artistak. Sakontasun hori elementu urriekin lortutako emaitza aberatsean antzematen da, bisitarion aurreiritzien ertzak itxuragabetzeko gaitasuna azaleratuz. Adibidez, mahai-tapizak jantzi erotiko bihur daitezkeela frogatzen duenean, latexaren kontrako ezaugarriak erakargarri bilakatuz.
Aldasorok errepresentazioaren mugak ikertzen dituenez, maiz bere piezek pertsonaia izaera hartzen dute. Beste batzuetan, horien gorputzaren arrasto bilakatzen dira. Gauzak horrela, gorputza askotan iradokitzen da. Ebokazio horrek Ana Laura Alaezek 1992an egindako eskultura bat ekarri dit burura: Emakumeak plataforma-zapaten gainean. Gorputzik gabekoak ziren emakume horiek, plataforma eta txanoen arteko hutsunean. Alaezek material eta kolore anitzak baliatu zituen objektu horietan; aitzitik, Aldasorok osagai gutxi batzuk hartu eta horiei etekinik handiena ateratzea izan du helburu.
Begiek ikusten dutena irudimenak ekartzen duenarekin osatzen da. Esaterako, horman sastatuta dagoen artelanean hegoak edo mototsak ikusten ditut. Batez ere, azken horiek. Ilea balitz bezala, hari beltzez osatutako multzoak korapilatu ditu artistak, orrazkera xelebrea perla beltzez apainduz eta paretarekin konektatzen duen metalezko estruktura batekin eutsiz. Biguna eta moldagarria dena gogor eta trinkoa denarekin lotzen da, grabitatearen partaidetzarekin ur-jauzi antzekoak sortuz.
Horrez gain, pertsonaia bat ikusi dut paretan eskegita dauden artelanetako batean. Jantziak sortzeko baliatu ostean, alboratutako patroiak direla ematen du. Gorputz-enbor forma dute, azal zimurtuaren itxura bereganatuz. Batean Aldasorok gerrialdeko hutsunea tolestu du, bisitariok barnealdea ikus dezagun, aho-zabalik dagoen maskara iradokiz. Begiak ere baditu, bularretako baten antza duen plastikozko pieza gardena; baita ere begi-niniak edo titi-puntak, perlaz egindako areolaz inguratuta.
Alegiazko larru hauetan plastikoak paperarekin egiten du bat, hitz zatikatuek eta marra beltzek han-hemenka arrastoa utzi bitartean. Are gehiago, azal hauek aretoko dermisari daude itsatsita, aurrez aurre dauden paretetan zintzilik. Gainazalen arteko harremana ezegonkorra dela ematen du, karroza-zintak lotzen baititu; azken finean, beste azal bat. Batak bestea janzten du, elkar mozorrotuz.
Janzteaz ari naizela, oihalak ere badauka garrantzia erakusketan. Lurrean kokatutako bi lan ehunez osatuta daude. Alabaina, ez dira gainazal lauak, hiru dimentsiotakoak baizik. Zati borobilen gainjarpenaren bitartez, zilindro malgu eta luzatuaren itxura hartu dute bilbeok. Makurtu eta hari garden bat ikusi dut oihalen inguruan. Elementuen arteko erlazio horrek haurtzarora eraman nau, txikitan eskumuturrekoak egiten genituen udetara. Ukitzeko gogoa ematen dute lurrean dauden pieza horiek; hartu, luzatu, kiribildu edo lotu, hitz gutxitan, jolasteko irrika.
Lurrera begira, erakustaretoaren erdigunean itzal batzuk ikusi ditut. Sabaitik buruz behera zintzilik dagoen piezarena da gerizpea, mahai-tapiz baten antza duen jantziarena (edo izakiarena). Beso eta hankarik gabeko maniki baten jantzia, sex-shop batean jartzekoa. Izan ere, begiak eta ahoa estaltzen dituen maskara du erantsita, BDSM-aren munduan pentsaraziz. Edonola ere, ikusten dugun formak teknikarekin kontraste bortitza iradokitzen du, latexa hari bihurtu da. Hori gutxi balitz bezala, pieza materialetik haratago doa. Esan bezala, sabaitik argiztatzen duen lanparak itzala botatzen du lurrera, beste bi izaki sortuz: batek Shrek-en antza du, besteak deabru batena. Hau bai hau ménage à trois bitxia, gorputzak korapilatzeko modukoa.