Kritika. Zinema

Lennon eta Freud

Gontzal Agote.
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
'Nowhere Boy'

Zuzendaria: Sam Taylor Wood.

Aktoreak: David Morrissey, Kristin Scott Thomas, Aaron Johnson.

Herrialdea: Kanada-Erresuma Batua.

Iraupena: 97 minutu.

Hanburgorako bidean abiatzen den gazte musikazale bat. Hor hasiko da historia, eta hortxe amaituko da istorioa. John Lennon John Lennon izan aurretiko urteak dira Sam Taylor Woodi interesatu zaizkionak, eta horiei eskaini die pelikula oso bat, Nowhere Boy. Hortik aurrera gertatzen den guztia ezagunegia da, kondairaren lurraldean sartzen da, horren ordez letra txikiari erreparatu nahi izan dio zuzendariak.

Afera da beharbada txikiegia dela letra hori, eta ikuslearen interesa pizteko indar nahikorik ez duela. Esaten zaigulako badakigu protagonista John Lennon dela, baina, beste edonor izan balitz, non legoke pelikularen erakargarritasuna? Protagonista musikari ospetsua izanda ere, NowhereBoy-k kontatzen duenak nekez gaindituko du anekdotaren eremua, 50eko hamarkadan Liverpoolen bizi zen gazte baten bizipenak dira, besterik gabe. Kuriosoa da pelikula, ongi dago filmatuta eta ekoizpen britainiarren girotze zuzena du. Baina arima falta du.

Berez, ez da pelikula biografikoa, Taylor Woodek ez duelako pertsonaiaren gainean biografia bat egin nahi izan. The Beatles taldea aipatzea saihestuko du, eta Lennon beraren iruditik urrundu nahi izan du, fisikoki antz handiegirik ez duen aktore baten bitartez. Musikala ere ez da Nowhere Boy. Musikak etengabeko presentzia duen arren, honakoa ez da gramola kaleidoskopiko horietako bat. Musika «blowing in the wind» dago, eta ez da beharrezkoa abestiak bata bestearen atzetik lotzea.

Nolabait, Lennonen izatearen gaineko irakurketa freudiarra da filmak egin nahi duena. Izebaren heziketa zorrotza eta amarekiko harreman debekatua, ia-ia sexuala askotan, Liverpoolgo gaztearen oinarri sentimentala izanen dira. Pelikulan ez da ikusiko, baina askoz beranduago hirugarren emakume bat agertuko da, nolabait gaztaroko bi horien bilduma izanen dena.

Errespetu handiz egin du Lennonekiko hurbilpena Sam Taylor Woodek, ziur aski gehiegizkoa. Horrela, narrazioa nahiko geza gertatuko da, emozio handirik gabekoa. Soilik mutiko gazte baten agerpenak txinparta txiki bat piztuko du. Paul izena du, eta Lennon gaztearen bidaian sartuko da. Mundua aldatu nahiko dute biek.

Hanburgora egin, eta historia hasiko da. Atzean geldituko dira Liverpooleko urteak, lehen kontzertuak, izeba, ama, Sigmund eta pelikula txikiegi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.