Kritika. Literatura

Lur azpiko habiak

'Termita' liburuaren azala.
2026ko ekainaren 28a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'termita'

Idazlea: Garazi Albizua. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Erein.

2025eko Euskadi literatura saria jaso zuen Garazi Albizuaren Termita nobelak gaztelaniazko modalitatean, eta, Bego Montorioren itzulpenari eskerrak, aste honetatik aurrera euskaraz irakurtzeko aukera ere izango dugu Erein argitaletxeak plazaratuta. Izen berezirik ez duen lehen pertsonako narratzaile-protagonista inguratzen gaituen gizarteaz mintzo zaigu begirada intimo batetik, bere mamuak eta bere baitan dituen ahots horiek guztiak isilarazi barik. Hala, berrogeietan dagoen protagonistak egunerokoan dituen hartu-emanak —azalekoak zein sakonak— baliatzen ditu, toxikoak eta asimetrikoak diren botere dinamika askotarikoak mahaigaineratzeko: lan prekarioak, harreman erromantikoak, min ematen duten loturak, botere abusuak, lodifobia eta gizartearen presioa, beste askoren artean. Narratzaile autodiegetikoari harreman horiek, gainera, baliagarriak zaizkio gizartearen soslaia eraikitzeko, baina, haren ifrentzuan, baita bere burua aurkezteko ere, horien bitartez eraikitzen baitu bere ni-a, eta batez ere, izan nahi ez duen hori. Horretatik ere badutelako termitek: isopterikoen familiakoak dira termitak, alegia, antolaketa komunitario zurrun batean bizi ohi diren animaliak, kooperazioan dihardutenak eta albokoari begiratzen diotenak komunitate estamental horretan, zein rol duten zehazteko.

Harreman guztietarik ere, amonarekin daukanak hartzen du zentraltasuna liburuan. Amona da termita, amona da, animalia nekaezin horiek bezala, hil arte lan egiten duena. Baina, batez ere, amona da sistema hegemonikoaren zurezko zimenduak jan eta gizarte deritzogun antolaketa auzitan jarri nahi duena, termitek nola. Izan ere, ama «eredugarri» bat izateari uko egin zion, inposatutako zaintza lanei, funtsean, feminitate eredu hegemonikoari jarraitzeari, eta nago balio eta jarrera horiek herentzian uzten dizkiola bilobari ere. Bien arteko komunikazio ez-hitzezkoa, eta narratzaileak darabilen erregistro desafiatzaile eta ganberroa horren iragarpena direla iruditu zait. Neure buruari galdetzen diot termitaren irudiaren atzean, amona ez ezik, hein handi batean, ez ote den protagonista bera ere proiektatzen. 

Guztiarekin ere, euskarazko edizioak eta itzulpenak azken orrazketa batekin zuzendu ohi diren akats eta detaile txiki batzuk badakartza ere, lortzen du jatorrizko testuaren mezua transmititzea: protagonistaren barne mundua eta harreman sarea, hots, lur azpiko habia konplexu horren tripak erakusten dizkigu Albizuak, guztiz minimalista den kontatzeko teknikaren bitartez. Hain da iradokitzailea, ezen batzuetan harreman horietan gehiago sakontzeko gogoa izan dudan. Testua noiz abandonatu erabakitzea, ordea, ez dagokit niri; idazlearen esku dago, huts-hutsean. Batzuentzat jakingura eta intriga hori mantentzea eta ez lehertzea eragozpena izan badaiteke ere, niretzat, hain justu, horretan datza idazlearen meritu handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA