marilyn manson
'One Assassination Under God - Chapter 2'.Â
Diskoetxea. Nuclear Blast Records.
Aurreko diskoarekin kritikak izan zituen, eta bigarren atal honekin Brian Warner jaunak merezi baino egur gehiago jaso du. Garai bateko basakeriak alde batera utzita, kalitate oneko diskoak ateratzen dabil azkenaldian, baita zuzeneko indartsuak ematen ere. Introspekzioa eta giro ilunak dira nagusi hemen ere, akaso inoiz baino gehiago. Soinu banda baten antzeko segida dauka diskoak, eta hasierako Unalive eta Don’t Answer the Door kantuak bide horretara garamatzate. Dena den, Front Toward Enemy, elegantea izateaz gain, aspaldiko metal industriala berregitera dator, eta girotze iradokitzaileak ez dira falta All the Vilest Things eta None of the Sons piezetan ere. Lucifer’s Teardrop eta The Arsonist beldurgarriak dira, bigarrena astunagoa den arren. Eta Exit Wound-ek amorrua erakusten du bukaera aldean. Enantiomorph iradokitzailea outro polita da, barrenetik ateratzen diren sentsazioen bilduma berezi honetan bere lekua egin duena.