KRITIKA. Artea

Mendiburu zirrikitutik

Remigio Mendibururen tamaina handiko obretako bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun

'Mendiburu. Materia eta memoria'

Non: Bilboko Arte Ederren Museoan. Noiz arte: Irailaren 5era arte.

Gaur aitortza batekin eman behar diot hasiera idatzi honi: ez naiz inolako aditua Mendibururen obran. Are gehiago, Mendiburu esan eta guztioi burura etortzen zaizkigun eskultura horiek osatzen zuten orain arte bere lanarekiko nuen imajinarioa: ensanblajez gehitutako egurrezko piezez osatzen diren eskultura horiek. Hortik aurrera, ezer gutxi. Bueno, pentsatzen hasita, Ez Dok Amairuren karteletan ikusten den Txalaparta eta Korrikako testigua ere bai, horiek ere ezagutzen nituen. Baina orain bai, Mendibururekiko nuen ezagutza guztia aurkeztu dizuedala uste dut.

Hau guztia, ordea, Bilboko Arte Ederren museoak antolatu duen Mendiburu. Materia eta memoria egilearen banakako erakusketa bisitatu aurretik zen.

Beste aitortza batekin jarraituko dut: Arte Ederren Museora ez nintzen bereziki erakusketa hau ikustera joan, ausazkoa izan zen bertan agertzea, eskailerak igota, nolabait esateko, museoko zirkuituari segika aurkitu bainintzen Mendibururen erakusketaren aretoetan; eta inolaz ere, egun hartan museoan topatu nuen gauzarik interesgarrienetakoa izan zen (Lemoiz gelditu proiektuarekin batera).

Bere osotasunean zaindutako erakusketa eta instalazioa da, eta espazioa erdibanatzen duen horma zulatuak aretoak bikainki egituratzeaz gain, haren bi aldeetan instalatuta dauden artelanen arteko dialogoak bermatzen ditu, era berean. Espazio garbia da, antolatua, ordenatua eta goxoa, erakusketaren diseinuan Mendiburuk hainbeste erabilitako zuraren integrazioaren bidez lorturiko sentsazioa inondik ere.

Erakusketa modu kronologikoan antolaturik dago, baina nik atzekoz aurrera ikusi nuen. Igual ez da erakusketa bat ikusteko modurik egokiena izango, baina kasu honetan niretzat perfektua izan zen. Hain zuzen ere, azkeneko areto honetan Mendiburuk 80ko hamarkadan egindako eskulturak baitaude, bere lanik ezezagunenetakoak, eta, beraz, sartu eta berehala izandako talkak Mendibururen gainontzeko ekoizpena ere bestelako begirada batetik ikustea eragin zidan. Mendibururen lana ez zen nik uste nuen hori. Edo hobe esanda, Mendibururen lana nik ezagutzen nuena baino askoz ere aberatsagoa eta zabalagoa da.

Hamarkada horretan bere lanik famatuenekiko oso bestelako lanak ikusten dira. Zurezkoak dira, baina tamainaz askoz ere txikiagoak, giza eskalara doitutakoak, eskuekin hartzeko modukoak, eta delikatuak. Zurezkoak dira gehienak, baina zuraz gain beste materialen erabilerak agertzen dira, materialen arteko nahasketak eta jolasak gehienetan, bereziki alabastroaren erabileraren bidez. Zenbaitek bere lanik ezagunenen izaera trinkoa mantentzen dute, baina interesgarrienak, agian, izaera horretatik kanpo kokatzen direnak dira: pieza txikiagoz osatutakoak, nolabait inguratzen duten espazioan artistak marraztu nahiko lituzkeen lerroak irudikatuaz. Baina abstrakzioari lotzen zaizkion lan zoragarri hauez gain, figurazioa lantzen duten erliebe pintatuak ere badaude areto honetan, izaera oso politikodunak gainera. Mendiburu, kontrastez beterik.

Ez dira hauek, ordea, ezezagunak diren Mendibururen lan bakarrak. Bere lan monumentalagoen artetik igaro, eta sabaitik zintzilikaturik dauden mugikari ederren eta haptikoen artean pasatu ostean, ustez erakusketan sorpresa gehiagorik izango ez zen unean, hara non, horman eskegitako bi lan. Erakusketan ikus daitezkeen Mendibururen lanik esperimentalenak dira, eta esan dezadan, zergatik ez, interesgarrienak. Inolaz ere, 70eko hamarkada haren bueltan gizonezko euskal artista baten lanean ezohikoa zen materiala ikus daiteke: haria. Kolorezko hariez egindako konposizio abstraktu eta dinamikoak dira. Lerro zuzenak, sigi-sagakoak, kurbazkoak eta korapiloak. Denetarikoak daude, eta elkarren artean espazio orekatua osatzen dute.

Zalantzarik gabe, bada ezagutzea merezi duen beste Mendiburu bat, haren lanen inguruan sortu den iruditegitik haratago doana, edo iruditegiak berak itzalpean utzi duena. Oraingoz, Juan Pablo Huercanosek —erakusketako komisarioak— ezkutuko ekoizpen honetara zirrikitu bat ireki digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.