'XL Town'
Zuzendaritza: Elena Bezanilla, Javier Parra. Egilea: Jokin Oregi. Antzezleak: Aintzan Crujeiras, Miren Gaztañaga, Jon Koldo Vazquez, Pako Revueltas. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: martxoak 19.
Minutu bat eta erdi irabaziko du bere lanaldi amaigabeko atseden denboran XL Town antzezlaneko pertsonaia batek lankide bat haurdun dagoela salatzeagatik. Ez dakit benetako kontua ote den, baina sinesgarri egiten zait, Hirugarren Munduko joskintza lantegietako lan-baldintza penagarriak ikusita.
XL Town antzezlanak arropa kontuak aztertzen ditu —ekoizpeneko lan-baldintzak, marka handietako goi exekutiboen arteko harreman ustelduak, arropa salmentaren eta psikologiaren arteko loturak, moda-kanpaina handien atzetik dagoena...—, eta lan horrekin sendotu egiten da Pikor konpainiak aspaldian hartu zuen bidea, alegia, gai sozialak tratatzea eta ikusle gazteengana jotzea, lengoaia zeharo garaikidea erabiliz eta ondorio moral errazik ez bilatuz, zeregin hori ikusle helduaren edota ikastaldeen tutorearen esku uzten baitute, gaiari dagokion material didaktikoarekin batera.
Aurtengo dFerian izan dugu arabar taldearen enredad@s lana ikusteko aukera, eta gaia gaztetxoentzakoa izanik, bertatik bertara konprobatu ahal izan genuen inpaktu handia sortu zuela emanaldira joandako DBHko ikasleengan. Oraingo honek, ordea, ikusleria zabalagoa du helmugatzat, nahiz eta moda eta itxura kontuek ere bete-betean jotzen duten gaztetxoen baitan.
Lau aktore dugu taula gainean eta koadro banatan aurkezten dira arestian esandako lau gaiak, lauren arteko lotura bakarra arropa kontuak direla. Hori dela eta, ikusleak apur bat galduta ibili daitezke lau atalen arteko lotura logikoak bilatzean, baina koadro bakoitzak arintasun handiz funtzionatzen du, eta horretan zerikusi zuzena eduki dute zuzendari biek paratutako dramaturgia ia koreografikoak eta alderdi eszenikoen egokitasunak. Alde horretatik aipatzeko modukoak izan dira eremu eszeniko sormentsua, argiztapen koloretsua, jantzi ugarien diseinu esanguratsua eta, batez ere, lau aktoreen arteko kohesioa eta gaia defendatzeko erakutsi duten kemena.
Kritika. Antzerkia
Minutu bat eta erdi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu