KRITIKA. Antzerkia

Mugak agerian

Agus Perez.
2017ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

'Romeo y Julieta'

Bertsioa, zuzendaritza eta eremu eszenikoa: Ramon Barea. Musika: Adrian Garcia de los Ojos. Bideo-irudiak: Leire Juan. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 14.

Bere burua aurkeztean, Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistiko berriak bertoko artistei lekua egiteko borondatea agertu zuen —aurrekoek ere agertu zuten asmo bera—, eta asmo horren fruitu legez ikusi dugu Bilboko Pabilioi 6ren Romeo y Julieta hau. Irakurle fina konturatuko zenez, bi protagonisten artean ez dago eta juntagailua idatzita, gaztelaniazko y kopulatiboa baizik, baina uste dut Bieito ez zela konprometitu euskararen inguruan, eta horren lekuko da Lu eta Le antzezlan mugarri bezain ez-estimatua urtarrileko astelehen batean programatu izana. Oraingo hau, ordea, asteartean baino gehiago San Valentin egunean etorri da arrosa kolorearen apoteosiarekin bat eginez.

Lanaren muina aztertzen hasita, nik uste dut adorea behar dela non eta Arriaga antzokian zer eta William Shakespeareren lanik ezagunenari ekiteko, nork eta Pablo Nerudak egindako moldaketaren bertsioa eginez norekin eta zure konpainia gazteko antzezle hasiberriekin. Baina tira!, bilbotarrak gara, ni neu barne—Abandokoa gainera, Kafe Antzokiko elizaren alboan bataiatua— eta horrekin eta askoz gehiagorekin ere ausartu gintezke Arriagako programazioan azaldu eta bertako eszenatokia zapaltzearren.

Hasiera batean nik ez dut jakin zer ekarpen klase egin zekiokeen Nerudaren testuak jatorrizkoari, baina dialogoak entzutean argi zegoen Shakespeareren hitzei darien maila sublimea ketan lurrundua ailegatzen zitzaigula oraingo bertsio lurtarrean. Iturrietan arakatuta argitu zait garai bateko Txileko Unibertsitateko Teatro Institutuak enkargatu ziola itzulpena Nerudari, eta bere lerroetan ikusten dugu askoz maila arruntagoan eman zuela poeta txiletarrak jatorrizko testua, errepikapenak kendu eta eszenen ordenan aldaketa egiteaz gain. Orain nire susmoa da Bareak are inausketa gogorragoa egin duela, Nerudak bezala adiskidetze-amaiera esanguratsua ahaztuta eta bere eskuz ezabatuta Capuleto hierarkaren figura enblematikoa.

Konpainia gazte eta ez-profesional bati dagokion bezala, maila diferenteak egon dira antzezleen artean, eta baten bat ura leporaino zuela ikusi dugu, beste batzuk erosoago eta distiratsu ibili diren arren. Musikak ere rol polita bete du aldian behin girotutako pasarteetan eta bereziki Capuletotarren festan entzundako tango luzean. Dudarik gabe, lan honen balio nagusiak dira koreografia kutsuko dramaturgia eta elementu eszenikoen erabilera irudimentsua. Hala ere, Lidl-en erositako aulkiek ez dute ondo ematen Arriaga mailako eszenaratze batean, eta eszenografiaren diseinuak ezinbestean gogoratu digu igandean bertan ikusitako Incendios lanarena, bertsio narrasean oraingo honetan. Azkenik, ez dut hitzik topatu atzeko aldean proiektatu diren bideo-irudientzat: sormen eta kalitate faltarentzako sari bat eta guzti sortu beharko genuke irudiok behar bezala omentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.