KRITIKA. Artea

Naturaren poetika

Maria Cueto eta Mariano Arsuagaren lanak daude ikusgai Donostiako Ekain galerian. JON URBE / FOKU.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

'Eskutik'

Artista: Maria Cueto eta Mariano Arsuaga. Non: Donostiako Ekain galerian. Noiz arte: Azaroaren 26ra arte.

Orain dela urte gutxi batzuk izan nuen Maria Cuetoren lanaren berri, 70 urtetik gora dituen artista izan eta urte asko Euskal Herrian finkatuta daramatzan arren. Haren lanek ikusi orduko liluratu ninduten; tamalez, ordea, beste hainbat emakumezko artistak pairatutako destinoa jasan behar izan du Cuetok ere; ikusgarritasun gabezia eta horren ondoriozko aitortzarik eza, artista gisara. Une hartatik aurrera, haren erakusketak bisitatzen saiatzen naiz, eta oraingoan ere hala egin dut, Mariano Arsuagaren lanekin batera, Ekain galerian antolatu dioten Eskutik izeneko erakusketan.

Espazio txikiko galeria da, eta horrek erakusketaren tamaina ez ezik bertan erakusgai ipin daitezkeen lanen tamaina ere baldintzatzen du. Tamainaz, erakusketa txikia da, beraz, eta bertan erakusgai ipintzeko aukeratutako objektuen tamaina ere txikia, era berean. Parte Zaharreko kaleetan paseoan zabiltzala, sartu-irten oso atsegin eta gozagarria egiteko modukoa da.

Atea eta erakusleihoa ere txikiak ditu, baina horiek zabalik sortzen duten zirrikitutik, eskaileren gainean esekitako koadroaren zatitxo bat ikusten da; nahikoa, begiradak harrapatzeko. Erakusketako piezarik handiena da, eta agian indarrik handiena duena ere bai. Pintura lana Arsuagarena da, 1990eko hamarkada hasierakoa, hain zuzen ere, akrilikoa lantzeko pausoa eman zuenekoa. Kolore urdin-morexken eta hori-laranjen arteko kontraste bikainek erakartze indar izugarria dute. Distantziatik erabat poetikoa dirudien lanera, hurbilduta soilik ikusten dira hura egiteko beharrezkoak izan diren pintzelkada nahaspilatu eta bortitzak; aldaketa orok eskatzen dituenak. Eta koloreen erakartze indarrari segika, oharkabean hankak eta gorputza galeria barnean dituzula zaude.

Behin barruan, gorputzak aurrera jarraitzeko besterik ez dizu eskatzen, kaletik ikusteko aukerarik izan ez dituzun bitxiak deskubritu baitituzu: ezkerretara, oraindik ere eskaileretan, Arsuagaren beste lan bat. Txikiagoa da tamainaz, baina oso dotorea, gaueko itsas eszena bat da, abstrakzioaren eta figurazioaren artean zabukatzen dena. Eta aurrez aurre, magia: airean esekitzen diren Cuetoren eskulturetako bat da, Ondas II, aurten burututako lanetako bat. Ederra, liraina, arina, hipnotizatzailea da; hipnotizatzaileak dira haren eskulturak.

Hazi lehortuekin lan egiten du, horiek banan-banan hartuaz, eta aurrez ordenagailu bidez diseinatutako patroiari jarraituaz, hari gardenetan harrapatuaz. Espazioan hegan dabiltzan haziak dirudite, putz egitearen eta haien inguruan ibiltzearen ibiliaz eraturiko aire mugimenduen eraginpean sorturiko irudiak balira bezala, dantzan. Hain delikatuak, hain finak.

Ekain galerian aurkeztu dituen proposamen nagusiak uraren ideiaren inguruan gauzaturikoak dira, haren leku eta egoera ezberdinetara egokitzeko dohainak azaleratuz, hain forma eta izaera ezberdinak hartzeko duen ahalmena agertuz. Uhinak, tantak, olatuak, txorrotadak, eta horien inguruan biltzen diren beste elementuek eta haien itzal-trazu dardartiek inguratzen dute aretoa. Eta mahai gainean, Haikuak. Tamainaz txikiagoak diren lanak dira, orrialde erdikoak-edo, eta, tituluak iradokitzen duen moduan, poesia laburren itxurakoak. Horiek ordea, hitzez osatuak izan beharrean, landare-ehunez eginikoak dira. Cuetoren lehen lanak dakartza gogora; ehungintza lantzen zuen garaiaren oihartzunak nabari direla.

Areto nagusian, Cuetoren lanekin batera Arsuagaren lan gehiago daude, pintura lanak guztiak, eta azken urte hauetan burutuak. Lan-multzoa ikusita, bere ekoizpen eskerga antzeman daiteke, etengabeko jarioduna, eta akrilikoaren erabilera maisutasunez garatzeko aukera eman diona. Pisurik gabeko pinturak dira, pastelaren testuratik hurbilago kokatzen direnak. Cuetoren lanak bezala, naturarekin erlazionatuak, natura pasaiak dira, lehenaren eskultura zintzilikatuei testuingurua emanaz funtzionatuko balute bezala.

Bi artisten ekoizpenek elkarrekin harremanean jarriz ederki funtzionatzen duten erakusketa da, formatu handiago batean gustura ikusi eta disfrutatuko nukeena, zalantzarik gabe; lan delikatu, poetiko eta erakargarriz osaturikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.