Kritika. Literatura

Olanaren azpian

'Gorputzen aldiriak' liburuaren azala.
2026ko azaroaren 22a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Gorputzen aldiriak'

Idazlea: Nerea Arrien. Argitaletxea: Elkar.

Masatxutxes tabernako olanaren azpian biltzen dira Nerea Arrienen Gorputzen aldiriak ipuin liburuko pertsonaiak. Baina esango nuke, tabernako olanak ez ezik, bizitzaren olanak ere harrapatuta dauzkala guztiak: izan beharko liratekeen edo izan nahiko luketen baina benetan diren izate eta gorputzen arteko norgehiagoka materializatzen zaigu ipuinez ipuin. Hala, ikuspegi nostalgiko batetik, erdigune sozial eta idealaren eta bazterreko bizitza periferikoen antitesia dakar gorputz eta kontakizun bakoitzak.

Hitzaren erabilera polisemiko eta anbibalente horrek balio dit, kasu honetan, obrari darion tonua laburbiltzeko, baina baita Arrienen estiloa seinalatzeko ere. Autoreak ohikoa duen bezala, errealitatea den-denean baino, sinbolo, irudi edo, are, erreferentzia literarioen bitartez kontatzen du: itsaso zabal eta gorabeheratsuak depresioaren sakona iradokitzen du; edo haurren inozentzia eta helduen mundua James Matthew Barrieren Peter Pan gogoangarriarekin konektatzen ditu, besteak beste.

Ezin da ukatu horixe zaiola bereizgarri liburuari, baita autoreari ere orokorrean; idazlea ezagutzen duen edonork erraz lotuko ditu ipuinok Arrienen unibertso literarioarekin. Baina, aldi berean, niri neuri horixe egin zait korapilatsuena ere zenbait kasutan. Noizean behin irakurketa arrazionalagoa pausatu, eta bestelako geruzetara eramaten zaituzten irakurketak bizigarriak iruditzen zaizkit, neurritsuak badira, bederen. Une oroko erregistroa baldin bada hori, ostera, arrisku handiagoa egon daiteke irakurketa gehiegi kargatzeko, eta, ondorioz, irakurlea beste bide batzuetatik eramateko. Edonola ere, alderdi horrek ez du inondik ere irakurketaren maila debaluatu; kontrara.

Txanponaren beste aldean, narratologikoki autoreak egindako esfortzua eta saiakera goraipatuko nituzke. Ipuin bakoitzak pertsonaia jakin bati erreparatzen dio, eta nagusitzen den lehen pertsonako narratzaileak horien guztien eta bakoitzaren perspektibaren berri ematen digu. Askotarikoak direnez pertsonaiak eurak, askotarikoak dira ekarri diren ahotsak ere: esate baterako, arrantzale jubilatu depresibo baten ahotsaren ondotik, haur baten perspektiba dakar, sinesgarritasunez ekarri ere.

Era berean, esango nuke, hari narratibo nagusiaz gain, eta pertsonaia bakoitzaren istorio pertsonalez haratago, liburuak literatura eta kultura unibertsalarekin elkarrizketa inplizitu eta interesgarri bat eraiki nahi duela; baliatzen dituen erreferentzia literario, musikal nahiz zinematografiko horiek guztiak kontatzen diren bizitzetara abileziaz josita dakartza. Nabari da Arrienek beste testuekin lotuta sentitzen dituela bereak, eta asko estimatu dudan alderdia izan da hori.

Liburuak eskaini didan esperientzia, hortaz, intermitentea izan da: batzuetan barruraino sartu naiz, eta buruan bueltaka izan ditut, gainera, poetikoak eta ederrak begitandu zaizkidan hainbat ideia eta irudi. Besteetan, ordea, iruditu zait Arrienek ez duela guztiz asmatu bere idazketaren berezko ezaugarria den sinbolismoa neurtzen. Kasu horietan, irakurketaren joana eten zait, eta neu ere, ipuin liburuko pertsonaiak nola, aldirietan geratu naiz katigatuta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA