Antzerkia

PD: ………

2023ko abenduaren 03a
05:30
Entzun

'Postdatarik gabeko gutunak'

Egilea: Kepa Errasti. 

Zuzendaria: Getari Etxegarai. 

Gutunak: Iñigo Legorburu.

 Tokia: Donostiako Gazteszena aretoa. 

Eguna: Azaroaren 25a.

 

Mikelek, obra honetako protagonistak, «42 urteko malabaristatzat» jotzen du bere burua. Oreka mantentzen saiatzen da, oinak euskarri on batean ipiniz ibiltzen… Baina hor behean gertu ikusten ditu antsietatea, beldurra, bakardadea, egonkortasunik eza, fobiak, traumak, eta abar. Eroriko balitz, izango ote luke eutsiko dion sarerik? Berehalako heriotzatik salbatuko duen nor edo zer.

Bost urte kartzelan igaro ondoren, irteteko ordua iritsi zaio. Urte horietan guztietan, igorle misteriotsu batek gutunak bidali dizkio, sinadura eta postdatak hutsik uzten dituztenak. Hitzok bizitzarekin konektatuta mantentzen lagundu diote, eta aurki deskubrituko du nor dagoen horren guztiaren atzean. Igorle misteriotsuak inork baino hobeto ezagutzen du: badaki artileak alergia eragiten diola eta izugarrizko fobia diela inurriei. Badaki aspaldian ez duela sandiarik jaten, eta badaki arrazoia zein den ere. Haren ziega osatzen duten metro koadroetan, bakarrizketa animatuari ekingo dio protagonistak, Charlotez jantzitako pertsonaia xelebre batek zirikatu eta laguntzen duen artean; iraganera bidaiatu, eta ordura arte bizitakoaz hausnartuko du.

Besaulkian eseri, antzezlanaren laburpena irakurri, eta emanaldiaren lehenengo bost minutuak ikusi ondoren, iruditu zait banekiela zer ikusiko nuen. Antzeman nezakeen istorioaren nondik norakoa. Baina ez! Ezta gertutik ere. Sorpresek, bata bestearen atzetik, sinbolismoz betetako unibertso batera eramango zaituzte, non umorea, imajinazioa eta Silvio Rodriguezen nostalgikoentzako erreferentzia musikalik ez den faltako. Zerbait gehiago argitzea esperientzia zapuztea izango litzatekeenez, norberak deskubri dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.