KRITIKA. Artea

Presentziak isurtzen

Erakusketan ikus daitekeen tatuatutako gorputz bat. GASTEIZKO UDALA.
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

'Bizitzeko espazioak'

Artista: Estibaliz Sadaba. Non: Gasteizko Montehermoson.Noiz arte: azaroaren 20ra arte.

Gorputzek espazioak zeharkatzen dituzte, eta zeharkatze horretan istorioak uzten dituzte, bizipenak, oroitzapenak, arrastoak... Memoria, iruditeria edota oroitzapen kolektiboetan espazioak bizi izan zituzten batzuen arrastoak mantentzen dituzte. Batzuenak; ezguztienak. Hegemonia batek zuzentzen duen dikotomia zurrun batean murgiltzen baitira espazioekiko legitimotasuna zehazteko parametroak: oroitzapena eta ahanztura; espazio horretan zeudenak eta ez zeudenak; espazio publikoaren jabeak zirenak eta espazio pribatuak zaintzeko ardura izan zutenak.

Hain zuzen, Bizitzeko espazioak titulupean, hausnarketa prozesu horietan murgiltzeko aukera helarazten digu Estibaliz Sadabak Gasteizeko Montehermoson mustutako erakusketan.

Esaterako, lehenengo gunean barneratzen garen momentuan, eszenografia bat eraikitzen duten hainbat euskarritako irudiek eginen digute harrera. Horma oso bat blaitzen duen bideoa izanen da eszenografiaren paisaia nagusia, bertan espazio irekiak agertzen dira. Tartean, hutsik dauden aulkiak eta mahaiak sumatzen dira, espazio horiek norbaitek okupatu ohi dituela azalaraziz. Presentzia horien oihartzunak ondoko bideoetan ditugu, kaleetan oinez doazen emakumeen hankak sumatzen baitira.

Espazioaren eta gorputzaren uztartzeari buruzko hausnarketak sortuko zaizkigu erakusketan aurrera egin ahala. Izan ere, mostra hainbat espaziotan egituratzen da, eta gune bakoitzak hausnarketa horren pieza bat osatuko du; espazio bakoitzak irakurketa zehatz bat sortzen baitu.

Mostraren bigarren espazioan murgiltzean sumatzen da argien hori. Han, lehenengo espazioan ez bezala guztiz eraldatzen direlako egiturak, edukiak eta espazioaren estetika. Ez dago irudirik, gela osoa arrakalatzen duten ingeradak baizik. Ez dago kolorerik, horma zuriak zeharkatzen dituzten marra urdinez aparte. Alabaina, marrek sortzen dituzten arrakalak ez dira murruetara mugatzen, horien gainean tipula-paper gardenak esekitzen baitira. Halatan, erritmoak sortzen dira espazioan.

Arrakala horiek moda aldizkarietan agertutako arropen tolesturen errepikapenak dira. Minimizatuak eta aldi berean handituak, keinu txikiak izateari utzirik espazio oso bat zeharkatzen baitute. Kutsu inmertsibo bat dute guneek, horregatik, eta bertan aurkeztutako piezak osotasun baten parte direla sumatzen da; eta lanek kartelik ez izatea da horren adierazle nagusi. Horrek ez baikaitu bideratzen artelanak era indibidualean ulertu zein aztertzera, baizik eta batak bestearekin duen erlazioa ehuntzera.

Oraingoan irudien arteko loturak dira esperientzia estetikoa gidatzen dutenak, eta horren bitartez, haiei so eginik, ehuntze intuitiboak garatzen ditugu. Hortik abiatuko gara hurrengo espazioan ere, zeina zabalagoa baita. Lehenik kaleen oihartzunak ditugu, estolderien irudiak aurkezten dizkigutenak: urdinak, gorriak, herdoilduak… hainbat estanparekin berriz ere.

Aurreko gelan sumatutako erritmoak urratu eta berrabiarazten dizute irudi hauek, bi arrazoirengatik; alde batetik, irudiak berak, haien kolore eta estanpen bitartez, estolderien konposizio estetikoaz ohartarazten gaituelako; eta, bestetik, argazkien kokapen desorekatuarengatik nolabaiteko konstelazio azkarra sortzen dutelako. Hain zuzen, ezaugarri horiek espazioan kokatzen diren bestelako argazki serieetan errepikatzen dira eta azkenengo espaziora bideratzen gaituzte.

Laugarren gelan mugimendua moteltzen da, ordura arteko bizkortasuna izoztuz. Kaleak desagertu egiten dira. Identitate zehatzik gabeko emakumeen gorputzak ditugu, eta haien azaletan eraikin klasikoen edota estolderien tatuajeak sumatzen dira, planoak balira bezala egituratuta. Bada, prozesu horren kontrasteen norabide berean doa argazkien ondoan espazioaren murrua okupatzen duen bideo erraldoia, zeinean emakumeen azaletan proiektatzen diren irudien egituratzea aurkezten zaigun. Emakumeen presentzia ukatu duen historia baten oihartzun alegorikoak al dira konposizio estetikook?

Denboraren magalean kulunkaturik memoria batzuk mantentzen diren bitartean, asko dira ahanzturaren zulo beltzean ezkutatzen direnak. Baina, esan bezala, gorputzek espazioak zeharkatzen dituzte. Izan ere, gorputzen presentziak isurtzen dituen erakusketa honek ikustarazten digu zeharkatze horretan presentziek espazioak bizitzen dituztela; lekuetan aurrez idatzitako arauak ikusaraziz, berrantolatuz, berridatziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.