Kritika. Musika

Sasi-kontzertu bat

Marta Garcia
2026ko abuztuaren 18a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

duo cassado

Musika Garaikideko Zikloa, azken urteotako konposizioak eta sorkuntza berriak taularatzen dituena, zikloaren izaerari berari guztiz egokitu ez zaion programa batek itxi du. Musikan «garaikidea» izateak zer esan nahi duen oraindik eztabaidagai da zirkulu askotan; baina, edonola ere, duela mende bat baino gehiago idatzitako obrak txertatzeak (Lili Boulangerren Reflets eta Nocturne kasurako, biak 1911n konposatuak, hark 18 urte besterik ez zituenean; eta berdin Florence Priceren obrak, XX. mende erdialdean idatziak) ez dauka justifikazio ez historiko, ez estilistiko, ez kontzeptualik. Are gehiago, programaren eraikuntzak eragin zuen musika bera ere, Musika Hamabostaldia bezalako jaialdi batean arretagune izan beharko lukeena, musikaz kanpoko baliabide ez oso zorrotzen mende geratu da: alde batetik, New Age diskurtso errepikakor eta hutsalagatik, inolako testuingururik gabeko aforismo eta poemaz lagunduta; bestetik, hautematea nahasten zuen eta etengabeko mugimenduan ziren ertz eta kontzeptu lausoko irudi andanagatik.

Gauzak horrela, zaila izan zen musika-proposamena aintzat hartzea eta behar bezala aditzea, eta posible izan zenean, motz geratzen zelako sentsazioa zen nagusi. Ez da erraza, egia da, minimalismoaren bueltan kokatzen diren konposizioez osatutako kontzertu batean irrika uneak sortzea, planteamenduaren muinean baitago zelula txikien errepikapenaren bidezko giro jakin baten bilaketa. Baina oraingoan, tamalez, ez genuen ezer aurkitu. Obra gehienak moldaketak izanik, kasu askotan betegarria falta zitzaion Moll eta Martinezen interpretazioari. Hori gertatu zen, esaterako, Max Richterren On the Nature of Daylight-en, jatorriz hari boskoterako idatzia, eta baita Florence Priceren Adoration piezan, organorako idatzi zuena. Pianoan, oro har, eta bereziki Arvo Parten FĂ¼r Alina et Philip Glassen Opening obretan, ez zegoen fraseatzerik, ez irakurketarik. Zer zegoen? Irudi sasi-artistikoak ordenarik gabe dantzan; eduki sasi-mistiko, sasi-espiritual eta sasi-filosofikoak off-eko ahotsean; sasi-interpretazioa, zentzurik gabekoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA