Kritika. Dantza

Sua lapurtzeagatik

Agus Perez.
2026ko irailaren 14a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'prométhée'

Konpainia: Avignongo Operako Balleta. Koreografia, zuzendaritza, eszenografia eta argiak: Martin Harriaga. Dramaturgia: Martin Harriaga, Claire Manjarres. Jantziak: Mieke Kockelkorn. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: irailak 13.

Greziar mitologiak dioenez, Prometeo zigortua izan zen jainkoei sua lapurtu eta gizakiei oparitzeagatik. Miarritzeko Dantza Maitaldian ikusi berri dugun Prométhée obran Antzinateko mito hura berreskuratu du Martin Harriaga koreografoak, eta nolabaiteko gaurkotasuna eman nahi izan dio, bere buruari planteatuz egun zer esan nahi duen jainkoak baino gehiago izan nahi izateak, emaitza eszenikoak horren zantzu argirik eman ez digun arren.

Xede horri begira, Beethovenek gai bereko balleterako sortu zuen musika hartu du oinarritzat Harriagak, erdialdetik aurrera Fabien Cali konpositorearen ekarpen diskretuekin konbinatuta. Bestetik, fitxa teknikoari kasu eginez, argi geratzen da Euskal Herriko sortzaileak bere gain hartu dituela sorkuntzaren arlo guztiak, dramaturgia partekatua eta jantzien diseinua izan ezik.

Itxura kliniko inpaktantean hasi da emanaldia: argi zuri gogorreko bi fokuk dena argiztatzen zuten eta gainontzeko elementuek —pertsonaiak, zorua, atzeko horma, bi ohatilak…— gorputegi bateko giroa gogorarazten ziguten. Ordea, bi ohatiletan zeuden gorpuak —emakume bat eta gizon bat, itxurazko biluztasunean biak ala biak— bizitzara itzuli dira beren erizain prestuen ekintza bizkor eta kementsuen bidez, eta isilean emandako pasarte hori nahiko dibertigarria suertatu da, ikusle batzuen barre herabeak ere eraginez.

Hortik aurrera, ordea, betelan koreografikoan aritu da Harriaga, dantzarien prestakuntza eta maila itzela bere inspirazioaren gainetik utziz. Erromantizismoaren garaiko koreografia errespetatu nahian, pisu nabarmena hartu dute zentzurik gabeko kreatura haiek beren mugimendu erakustaldi zentzugabeekin eta, bestetik, dantzaren diseinua partituraren inflexioen zorduna izan da gehienetan.

Gauzak horrela, pasarterik interesgarrienak dantzatik aparte egon dira, eta haien artean nabarmenduko ditugu, nola ez, itzal bidez sortutako greziar frisoen irudi estilizatu paregabeak eta museo bateko eszena ezin hobeto planteatuta, bisitariek Prometeoren suaren hondarrak ezagut zitzaten.

Tarte horiek kenduta, ugariak izan dira dantzarien indar eta arintasun fisikoaren erakustaldiak, eta haien artean nabarmena izan da izaera atletiko-fisikoko dueto bat. Hala ere, eta jantzien diseinu gatzgabea lagun, teknika handiko baina inspirazio gutxiko emanaldia iruditu zaigu Prométhée hau, bere izaera programatiko nabarmenagatik eta pisu gehiena dantzarien balio ikaragarrien gainean uzteagatik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA