'Nik ez dakit beste gauza batzuen berri'

Sua sabelean

Idazlea: Elisa Levi. Itzultzailea: Irene Aldasoro. Argitaletxea: Alberdania.

Irati Majuelo.
2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Leak ez daki gauza batzuen berri, baina beste batzuen berri bai, badaki. Badaki zer den lau kaleko herri batean bizitzea, badaki nora doazen basora sartzen diren txakurrak, badaki ahizpak min fisikoarekin soilik egin dezakeela negar. Eta gauza horiez egiten du hitz, grinatsu eta kalakari, eta ez dakienez, ez da mintzatzen.

Bikainki harilkatutako bakarrizketa proposatzen du Elisa Levi idazleak bere bigarren eleberrian, Alberdaniak euskaratu duen honetan. Protagonista 19 urteko neska gaztea da, munduaren azken puntan dagoen herri txiki bateko biztanlea. Basoan sartzear zela geldiarazi du gizon bat (basora sartzen dena ez baita sekulan itzultzen), eta galdu duen txakurrari itxaron bitartean, berarekin esertzera gonbidatu du, baita entzutera ere, isilik egoten ez dakiten horietarikoa baita Lea. Horrela hasten da monologo itxura hartzen duen elkarrizketa, protagonistak gizonari egiten baitio hitz, baina lehenengo eta bigarren pertsona sotilki tartekatuz, Lea irakurleari ari zaiola iradokitzen baitu eleberriak.

Txikia eta itogarria da Learen herria, espazioari zein bizi-espektatibei dagokienez muga estuak dituena. Herriaren ertz batean dago basoa, jendea sartu ahala irensten duena, eta handik gertu Herri Handia, Hiria eta Itsasoa, urrun ez egonagatik beste mundu batekoak diruditenak. Horregatik, Learen unibertsoa herrira mugatzen da, eta horrek ezinegona sortzen dio, eta sabelean sua pizten. Izan ere, herrian denbora geldo igarotzen da, atmosfera dentsoa da, eta guztia, usadioak, injustiziak, herrak eta bereziki minak, eternalki luzatzen da. Hala, Levik ihes egiten dio landa eremuaren irudikapen idilikoari, eta era gordinean erakusten du zer den instituzioek baztertutako herri bat: ekaitzek erasotzean inkomunikatuta geratzen dena, anbulatoriorik ez duena, kanpoko jendeak pasieran soilik ezagutzen duena. Are kritika egiten dio hiritarrek landa erromantizatzeko duten joerari, Learen hitzetan, jendeak ez baitaki «baina herri txikietan behi-kakaren usaina egoten da, eta animalia hil pilatuena, eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen diren beldurrarena eta herrarena eta asperdurarena eta minena eta gorrotoena».

Era berean, herria edozer gerta daitekeen eremu bezala aurkezten da. Hau da, denboraren geldotasunean deus ere jazotzen ez den espazioa izanik, edozer suerta daiteke bertan, baita errealitatearen mugak zeharkatzen dituzten gertaerak ere. Alde horretatik, idazleak errealismo magikoari keinu egiten dio zenbaitetan, eta errealitatearen eta irreala denaren mugan kokatzen du sarri herritarren kosmobisioa. Leviren estiloarekin du horrek zerikusi zuzena, idazkera poetikoa eta gordintasuna batzen baititu, eta nahasketa garratz bezain samur horretan osatzen da Learen ahotsa. Neska gaztearen hizketak txirikorda baten antzera lotzen ditu kontakizun ugariak, pertsonaia bitxien anekdotak zein bere sabeletik jaiotzen diren suak, solte geratzera dioan edozein xerlo maisuki batuz, behin eta berriz, txakurra galdu zaion gizonarekin duen elkarrizketara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.