KRITIKA. Artea

Tolestutako mugak

Angel Bados artistak Bilboko galerian ikusgai jarri dituen lanetako bi. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Para ambos ladosde la frontera'

Sortzailea: Angel Bados. Lekua: Carreras Mugica galeria, Bilbo.Noiz arte: Abenduaren 12ra bitarte.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean 90eko hamarkadan ikasi genuenoi oso gertukoa egiten zaigu Angel Badosen figura. Ez soilik bere eskulturako klaseak jasotzeko aukera izan genuelako, baizik eta, 90eko hamarkada hasieran, Artelekun edo Leioako Fakultatean bertan, Txomin Badiolarekin batera, Euskal Eskultura Berria bezala ezagutu izan den talde baten haziaren zabaltze prozesuan artista eta aktore garrantzitsuenetako bat izan zelako; gaur egun hain ezagun ditugun Itziar Okariz, Jon Mikel Euba eta Sergio Pregok, besteak beste, osatzen duten belaunaldi paregabe baten buruetako bat.

Kontzeptualismotik igaro ondoren, 80ko hamarkadan Bilbora iritsi eta Oteizaren lana eta teoria estetikoak jarraitzen dituen artista talde baten barruan identifikatzen da. Joseph Beuysekin batera, bere ibilbidean eragin handia izan zuen artista nafarrak, eta azken urteotan sortu dituen lanetan ere agerikoa da eragin horren kutsua. 1945. urtean Olatzagutian jaiotako artistaren lana inguratzen gaituen errealitatearen kritika baten emaitza izan daiteke, betiere arte objektuaren inguruko gogoeta baten bitartez. Prozesu eta proposamen artistiko honen barruan, kontzeptuaz gain, minimalismoa edo povera artearekiko lotura estuak azaleratzen dira.

Artista nafarrak galeria bilbotarrean aurkeztu duen azken erakusketa hau bere ibilbidea eraiki duten ezaugarri horien guztien azken emaitza da, oihala, egurra, harria, kartoia, plastikoa, kristala, metala nahiz inprimaturiko hainbat irudirekin osatu duena. Titulurik gabekoak denak, erakusketa multzoa osatzen duten artelanak galeriaren espazio nagusian zabaltzen dira, gehienak lurrean kokaturik, hormetan jarritako gutxi batzuk salbu. Modu horretan, bakarka edo multzo txikiak osatzen dituzten proposamenen bitartez, Badosek etengabeko mugimenduan eta eboluzioan dagoen praktika bat aurkezten digu. Eraikitakoaren eta eraikitzen ari denaren arteko jokoan, espazioarekin, materialekin eta elementu ezberdinekin narrazioa, isiltasuna, publikoa, pribatua nahiz objektuaren eta diskurtsoaren arteko gogoetak eraikitzen ditu. Materialen eta formen arteko jokoan osatutako eraikuntzak dira, formatu ertain nahiz txikikoak, eta elementu ezberdinen elkarrizketaren bidez, espazioak okupatu, eraldatu edo eraikitzen dituzten egiturak sortu ditu artistak.

Prozesuaren bitartez sortzen diren forma ezberdin horiek, haietan artikulatzen diren hainbat elementurekin batera, azalera, espazio eta bolumenen eskulturetan bilakatzeko ahalmena dute; haien loturen zein tolesturen bitartez sortzen diren espazioek hutsaren eta betearen nahiz publikoaren eta pribatuaren arteko jokoaren mugak zabaltzen dituzte. Materiaren eta espazioaren artean kontaketa bat garatzen da, Badosen lanean benetan azpimarragarria den kontaketaren eta isiltasunaren arteko dualtasun bat. Horrela, hutsunean ematen den material pilaketa espresioarekin harremanetan jartzen da, narrazio baten eraikuntzarekin. Narrazioaren eta narratzailearen bidetik, irekiaren eta itxiaren arteko jokoa ere pizten zaigu, kontakizunarekin baino kontatzailearekin lotzen dena. Espazioen zabaldurak kanpoaldearekiko komunikazio ireki bat adierazten duen bitartean, honen hermetikotasunak berarekiko itxiera irudikatzen du, zuzenean artistarekin lotzen dena.

Materialen eta formaren ezaugarriez gain, artistaren lanean bada beste harreman garrantzitsu bat, oinarrizko egitura horiek gainontzeko elementuekin dutena. Argazki, irudi, oihal eta gainontzeko elementuen erabilera, narrazioarekin ez ezik, diskurtsoaren apurketarekin lot dezakegu, minimalismoa, konstruktibismoa nahiz Oteizaren kutxekin alderatzen den diskurtsoarekin. Horrela, kanpoko elementu hauek desegituraketarako bide bat bilakatzen dira, aurretik zegoen hori desegin, eta berriz eraikitzeko erabiltzen diren elementuak. Kontrako bidean, berriz, kuboaren espaziotik aldentzen diren elementuak ere badaude; ez dakigu egitura eta espazio hori gainditu dutelako, edo euren garapenean beste bat eraikitzeko bidean daudelako. Bide horretatik, materialtasunaren eta espazioaren eraikuntzaren bilakaeran, irudikatutakoaren eta kontzeptuaren arteko hartu-eman bat sortzen da, eta batak bestea osatzen du. Joko horretan dago artistak eskaintzen digun oparietako bat: artearen balioaren inguruko sinesmenarena, espazioaren eta denboraren gainetik kokatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.