DONOSTIAKO UDALAREN TXISTULARI BANDA
Ostiralean, Donostiako Udalaren Txistulari Bandak kontzertu bat eman zuen San Telmo museoan, eta hura izan zen Atzokoak Gaur erakusketaren barruan antolatutako azkena. Soinuenearen laguntzarekin, herri musikan erabiltzen diren soinu tresnen eskuzko ekoizpena izan da hizpide eta, hala, azken emanaldi honek aukera eman zuen, errepertorio zainduaren bidez eta Aitor Arozenaren azalpen luze eta xehatuei esker, txistuaren garapena ezagutzeko.
Lehen zatia ekitaldi aretoan egin zuten: han, bandak txisturako zein familia bereko instrumentuetarako idatzitako obretan barrena murgiltzeko aukera zabaldu zuen, Barrokotik 70eko hamarkadako esperimentaziora, Jose Inazio Ansorenaren moldaketetan. Harritzekoa ez bada ere, Jean Noel Marchanden Antzinako aire berriak dotoretik agerian geratu zen mimo handiz eta ezagutza sakonaz taxututako programa zela, baita sen onez interpretatua ere. Santos Intxaustiren Mungia kontrapasan aise atzematen ziren bandaren kolore sotilak, eta Eduardo Mokoroak jatorriz gizon-abesbatzarako konposatutako Sorgin dantza bizian xehetasunei jarritako atentzioa nabaria izan zen. Zer esanik ez, lehen zatia itxi zuen Jose Mari Gonzalez Labastidaren Itxastak obra bereziari eskainitakoa, Donostiako Txistu Talde Esperimentalak 1977ko Musikaste jaialdian lehen aldiz eman zuena. Aitor Arozenak berak egin zituen oraingoan bakarlari lanak, baita bikain egin ere.
Klaustrorantz gidatu gintuzten gero, txistuaren beraren garapenari esker jazotako kolore eta tinbre aldaketak hautemateko espazioa irekiz. Hasiera batean musikariek lorategiaren erditik eskaini behar zuten emanaldia, baina euriak klaustropera behartu zituen. Han, pena izan zen akustikak ez zuela utzi txistu desberdinen tinbrika bereizten, batez ere frekuentzia baxuetan. Hala, txistu baxuaren kolorea estali egin zen Tomas Araguesen Lau ale berezkoak obran, eta silbotea ere bigarren mailan geratu zen Javier Hernandez Arsuagaren Aldapeko piezan. Amaiera hori zertxobait itzalita sumatu bazen ere, denera ederra izan zen kontzertua.