KRITIKA. Literatura

Unibertso baten Big Bang-a

etiopia
2025eko irailaren 21a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ETIOPIA'

Idazlea: Bernardo Atxaga. Argitaletxea: Erein.

1978an argitaratu zen Etiopia, Bernardo Atxagaren bigarren literatur lana eta lehenengo poesia liburua. Ordutik ia mende erdia igaro denean, eta 84koa genuenean azken edizioa, liburua berrargiratu du Ereinek. Autorea bere ibilbide literarioaren azkenetan den honetan —Atxagak berak baieztatu zuen Etxeak eta hilobiak izango zuela azkenengo nobela—, aukera ona da euskal literatura modernoaren ikono handienetako batez balantzea egiteko. Obra erabakigarri horren lehenengo oinarrietako bat, funtsezkoa baina, izan zen Etiopia.

Atxagaren obran beste askotan bezala, irudi bibliko batek garrantzia berezia hartzen du. Abel eta Kainen istorioak egiten dio harrera irakurleari, eta Kain paradisutik egozteaz batera hasten da «Etiopia inguratzen duten hareazko bederatzi zirkuluen» gaindiko ibilaldia. Kain zigortua, gizateriaren erru osoa sorbalda gainean daramala, gizakiaren irudi zinezko bilakatzen da: obedientzia eta errebelamenduaren arteko kinkan dabilen giza abere sentikorra, paradisua hatz-mamiekin ukitzera jolastuko den Prometeoa. Giza kondizioaren izaera paradoxiko hori idazlearen beste lan askoren gatazka funtsezkoa da. Etiopia-n gai pisutsuak daude —gizakiaren oinarrizko zauria, heriotza, bakardadea, suizidioa— tonu arinenean esanak, sartu eta irteten diren txotxongilo itxurako pertsonaiak, absurdoaren giñol zabarrak. Jolasa, azken finean. Baina jolas oso serioa. Era berean, poemetan batik bat, hiri modernoaren behatzaile batek utzitako estanpa eta irudi ia profetikoak ditugu. Igarle mozorroa jantzita, sentikortasun postmodernoaren printzak islatzen ditu zubietan, espaloietan, ibaian. Pieza horietako batzuk Ruper Ordorikaren doinuan ez irakurtzea ezinezko zaio jadanik euskal irakurleari.

Aipatu izan da euskal literaturara abangoardia airea ekarri zuela Etiopia-k, poesia modernoaren abiarazle izan zela, postmodernitate literarioa inauguratu zuela. Hori guztia egia izango da, akaso, baina era xumeago batean esan daiteke nortasun literario berezi eta bereizi baten hastapeneko urrats sendoa izan zela. Autorearen unibertsoaren habe nagusiak sumatzen dira jadanik, izan ere, ekoizpen goiztiar hartan. Abangoardiako lana izatetik harago, edo hobe esanda, abangoardiako lana izanagatik, obra ukigarri, koherente eta mamitsua osatuko duen egile baten estreinako urratsa da. Ez edonolakoa, jakina. Atxagaren meritu handienetako bat, handiena ez bada, hitz antzuen garai likidoetan —«gauza guztiak esanak zeuden jadanik»— hizkera propioa asmatu eta berori koherentziaz eta sendotasunez eutsi izana da.

Abangoardia aldebiko ezpata da sarritan, idazle asko gupidagabe irentsitako osin beltza, hutsaltasun sakonenerantz. Ilunpe horretatik imajina berriak ekarri eta horiek, berritasun grina —beharrezko— horretan disolba zitezen saihestuz, ulergarri bilakatu izana, unibertso propio baten eraikuntzan oinarri gisa baliatzeko. Eta, bere gorabeherekin, unibertso hori handitu, elikatu, aberastu, liburuz liburu eraiki. Erraz esaten da, baina oso idazle gutxik lortzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.