Didon et Énée
Konpainia: Blanca Li. Zuzendaritza eta koreografia: Blanca Li, Glyslein Lefever eta Deborah Torres Garguilok lagunduta. Musika: William Christie, Henry Purcell. Eszenografia: Blanca Li, Nina Coulais. Argiak: Pascal Laajili, Jean-Luc Passarelli, Boris Pijetlovic. Jantziak: Laurent Mercier, Giusti Muselli. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: irailak 10.
Blanca Li espainiarrak Euskaldunon Egunkaria-ren aroan utzi gintuen harrituta bere estilo ausart eta landuarekin, eta Parisen errotu ostean behin edo bitan ikusi dugu haren obraren bat, betiere beherantz zihoan miresmenarekin baina, hala ere, nolabaiteko interesarekin. Oraingo honetan Miarritzeko Dantza Maitaldian ikusi dugu Didon et Énée (Dido eta Eneas) lan luzearekin, goraino beteta zegoen Gare du Midi antzoki erraldoian.
Dido eta Eneasen arteko amodio tragikoa Virgiliok jaso zuen bere Eneida famatuan: Dido Kartagoko erregina Eneas Troiako heroiarekin maitemindu zen, baina amodio hura Didoren suizidioarekin bukatu zen. Horren arrazoiak jakin nahi izanez gero poema epikoa irakurri beharko, baina ez dizuet gomendatzen: Antzinaroko klasikoak irakurtzen hastekotan, askoz hobea da Homeroren Odisea.
Kontua da Lik Henry Purcellen operaren gainean eraiki nahi izan duela Didon et Énée izeneko obra hau William Christie delako baten musika lagungarriarekin, eta hor hasi da jatorrizko arazoa: musika barrokoarekin oso-oso zaila da ganorazko dantza garaikiderik eratzea. Hainbatetan frogatu den egitatea da, esperimentu horretatik onik atera diren piezak esku bateko atzamar batzuekin zenbatu daitezke eta ez dira ia inoiz erabat asmatuak izan.
Bestalde, Lik ezinbestean jarraitu behar izan dio Nhum Tateren libretoari, eta horrek izaera programatikoa eman behar ziokeen dantzaren diseinuari, baina koreografoak nahiago izan du bere burua nolabaiteko abstrakzioaren eremuan mantendu, eta emaitza eszenikoa ulertezina bezain antzua egin zaigu, bere kartak mahai gehiegitan aldi berean jokatu nahi izan balitu bezala.
Eta gauzak hobetzeko, uraren erabilera etorri da emanaldia hasi eta ordu laurden batera. Musikaren etenaldi batean eta ilunpea baliatuta urez estali dute zorua dantzari batzuek, eta hortik aurrera —ordubete eta laurden falta zen oraindik— ur geruzaren gainean garatu dituzte dantzariek beren eboluzio konbentzionalak, birtuosismotik hurbil batzuetan eta gimnastika erritmikoaren pare noizean behin, Nacho Duato gogaikarriaren estiloko jarrera tipikoak han-hemenka tartekatuz.
Kontua da uraren gainean dantzatzeak ikusgarritasuna gehitzen diola edozer gauzari: gorputzek irrist egitean desplazamendu azkar eta luzeak deskribatu eta beren biratzeetan ur zipriztinak proiektatzen dituzte. Polita, zinez, baina ez hirurogeita hamabost minutuz efektu horietatik tiraka ibiltzeko. Gainera, ur gainean jarduteak berekin dakar mugimenduaren zehaztasun falta, dantzaren artean barkaezintzat jotzen dena. Urak dakarrena urak daroa zioen Benitoren kantak atsotitzari musika jarrita, eta kasu honetan ezin hobeto gauzatu da herri-jakituria.
Amaiera aldera, ordea, solo harrigarri batekin irudikatu du Alizée Dubernoisek Didoren desesperazioa eta heriotza, Remember me (Dido’s Lament) aria gaindiezinak lagunduta, beste dantzariek Estigiako aintzira zeharkatzen zuten bitartean traineru moduko bat osatuz eta argi espektralean bilduta.