Kritika. Antzerkia

Zaldi baten truke

Joaquin Furriel aktorea eta Calixto Bieito antzerki zuzendaria. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
Joaquin Furriel aktorea eta Calixto Bieito antzerki zuzendaria. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
Agus Perez.
2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'LA VERDADERA historia de ricardo iii'

«Nire erresuma zaldi baten truke» esan omen zuen Rikardo III.ak bere azken batailan, zaldia galdu ostean hiltzeko zorian zegoela. Orain Bilboko Arriaga antzokian ikusi dugunak errege maltzur eta bihozgabearen «benetako historia» azaldu digu, Shakespeareren Richard III obran inspiratuta, Calixto Bieitoren moldaketan eta bere zuzendaritzapean.

Honezkero ohituta gaude Bieitoren gehiegikeria eszenikoak ikustera, eta esan genezake Cohen anaien eta enparauen filmetako ildoan eraiki duela nolabait bere estiloa, betiere antzerkiaren bideetatik. Orain, ordea, haien biolentziaren goraipamena eta hura normalizatzeko ahalegina atzean utzita, badirudi gure izarrak ere zertxobait apaldu nahi izan duela bere desmasietarako grina, dela aroaren dela urteen bilakaeragatik.

Gauzak horrela, eta beharbada Buenos Airesko antzerki-jakituria sendoaren eraginagatik, askoz proposamen zentratuagoa ekarri digu oraingo honetan. Betiere antzerki aurreratuaren parametroetan eta baliabide eszenikoak handitasunez baliatuta, jarraipen emankorra eman dio Barbora Horakova Joly txekiar dramaturgoarekin behin hasitako kolaborazioari.

Hala ere, Bieitok ezin izan dio bere bideari utzi, eta Shakespeareren obrarik odoltsuena aukeratu du, harekin bukatu zuelako Williamek Ingalaterraren historiari buruzko bere tetralogia. Esan bezala, Bieitoren moldaketak izan ditu testuak, eta nik ez dakit norainokoak izan diren, baina nire susmoa da egokiak suertatu direla orduko kontu dinastikoei nolabaiteko interesa emateko, nahiz eta, ene uste apalean, behin moldaketak egiten hasita, ez duten gaurko denbora okaztagarrietarako lotura nahikorik ezarri.

Esan bezala, munta handikoa izan da Horakova Jolyren eszenografia, erregearen gorpuzkiak aurkitu zituzten garajearen atea irudikatuz, aldamio metalikoari etekin polita atereaz, zazpi pantaila erraldoi erabiliz —erabiltzearren eta dirua zegoelako esango nuke nik— eta goitik etorritako sorpresa handi bat tarteko. Esandako guztia kontuan izanda, antzezle-taldearen sendotasunari eta antzezpen-maila harrigarriari eskertu behar diegu besaulkian ia bi orduz iltzatuta geratu izana, eta esker onaren orduan, bereziki goraipatuko dugu Joaquin Furrielen lan ikaragarria Rikardo III.aren rol protagonistan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.