ORGANO ZIKLOA
Organista: Ana Belen Garcia. Sopranoa: Miren Urbieta-Vega. Egitaraua: Euskal arimaren oihartzunak: F. Gorriti, I. Lopez Estelche, J. Guridi, L. Urteaga eta P. Sorozabalen obrak. Lekua: Donostiako San Ignazio eliza. Eguna: abuztuaren 1a.
Musika Hamabostaldiaren inaugurazio egunean lehen aldiz Kursaaletik aldenduta, aitortzen dut ez nuela espero euskal konpositoreek organo eta ahotserako idatzitako errepertorioan murgiltzeko horrenbesteko ikusmirarik egongo zenik. Kontzertua hasteko oraindik hamar minutu falta zirela lepo zegoen eliza, jende asko eserlekurik gabe, nabearen bazterretan sakabanatuta. Esango nuke ikusmira hori poz bihurtu zela aise, emanaldia zutik eta txaloz amaitu baitzuten bankuetan tokia hartzea lortu zutenek ere.
Felipe Gorritiren hainbat obrak ireki zuten programa. Tartean, 1881ean Parisko Organista eta Kapera Maisuen Nazioarteko Elkarteak hilabetero antolatutako lehiaketan lehen saria eskuratu zuen Sub tuum praesidium sakona, Andre Mariari zuzentzen zaion ereserki zaharrenaren hitzak hartzen dituena; baita, adibidez, hurrengo urtean aipamen berezia jaso zuen O Salutaris betea ere. Kuriosoa da: hiru urteren buruan Gorritik hainbeste sari jaso zituen lehiaketa horietan, ezen 1883an epaimahaiak erabaki zuen ezin baitzituen obra gehiago aurkeztu. Erromantizismoaren, folklorearen eta Frantziako organo-eskolaren zantzuak daude haren musikan, eta, edonola ere, aipatu bi pieza horiek kontzertuaren lehen zatiak izan zuen zama harmoniko eta erlijiosoa definitu eta kondentsatu zuten. Israel Lopez Estelche kantabriarraren Arima biluziaren kantuak obraren erabateko estreinaldia ere izan zen, estasiaren eta azalaren arteko zirrikituetan arakatzea proposatzen duena, zama gehituz.
Jesus Guridi eta Pablo Sorozabalen melodia ezagunek ekarri zuten kontzertuaren alderdirik argiena, bai Urbieta-Vegaren ahotsean hartu zuten samurtasunagatik, bai Garciak egindako erregistrazio lan bikainagatik. Izan ere, organistaren funtsezko lana da obrak instrumentu bakoitzaren berezitasunetara moldatzea; eta horrek, noski, sentsibilitatea eta ezagutza eskatzen ditu. Ahotsak eta organoak bat egin zuten horretan, Ala baita eta Gure basetxe ederrak eskainiz, eta Goizeko eguzki argiak guztiz distiratsua ere, filado garbiz josia.