Kritika. Literatura

Zehaztasun txikienetatik

Elizabeth Bishop poetari eskainitako kaieraren azala. SUSA
Irati Majuelo.
2026ko maiatzaren 10a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'poesia kaiera: Elizabeth Bishop'

Hautatzaile eta itzultzailea: Leire Vargas. Argitaletxea: Susa, Munduko Poesia Kaierak bilduma.

 

Elizabeth Bishop poeta estatubatuarrari egin diote leku oraingoan Munduko Poesien Kaieretan, Leire Vargasen eskutik egin ere. XX. mendearen hasieran jaio eta haurtzaro bereziki zaila izan zuen poeta honen lana benetan da bakana eta, aldi berean, ezezaguna, gurean behintzat. Euskaraz apenas zuen oihartzunik, ez eta itzulitako lanik, Jon Benitok euskaratutako bi poema eta Vargasek berak duela pare bat urte itzulitako beste hamabi salbu. Orain, lan hori zabaldu ostean, Bishopen poesiari lagin osatuago baten bidez begiratzeko aukera dugu, zorionez.

Distantzia da Bishopen lanean nabarmendu ohi diren ezaugarrietako bat. Bishopek ez du barrurantz so egiten, kanporantz baizik, eta, hala, lirika konfesionaletik urrundu egiten da nolabait. Aitzitik, objektibotasunerantz gerturatzen den ahots batek gidatzen ditu poemak, deskribapen eta xehetasun handikoak. Zeharka, baina, poeta bera topa dezakegu horietan guztietan; behatzaile, baina baita samur ere. Distantziak, alde horretatik, hoztasuna baino gehiago, zorroztasuna esan nahi du; perspektiba, poesia jakin-mina asetzeko bidea balitz bezala. Bidaiari handia izanik, esanguratsua da oso bere bizialdiaren mapa osatzen duten paisaiak nola irudikatzen dituen, pinturak balira bezala, Arrantzaleen etxeak edo Brasil, 1502ko urtarrilaren 1a poemetan adibidez.

Interesgarria da, bestalde, erritmo musikal eta sarri jostaria. Ez poema orotan, baina errima baliatzen duenean irakurketa bizitu egiten du, deskribapen luzeko poemen ostean arnasteko aukera emanez. Nabarmentzekoa da poesia itzultzeak dakarren lana, eta, kasu honetan, esan behar da Leire Vargasek trebetasun handiz islatu dituela Bishopen erritmoa zein errima euskarazko itzulpenean.

Literaturatik bizi izan bazen ere, ez zuen obra oparorik utzi poeta estatubatuarrak, idazketa mantso eta perfekzionistaren ondorioz. Zehaztasun txikienetatik eraikitako poema hauek sari eta aintzatespen ugari ekarri zizkioten, ordea. Bakardadea eta lagunak, insomnioa eta bidaiak, bizitza gogor eta deserrotu baten printzak igar ditzakegu MPKn jasotako bilduma honetan. Beste garai bateko bizitza bat, gurean oihartzun egiten duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA