Kritika. Artea

Zentzuen konstelazioa

Angel Bados artistaren erakusketako pieza bat, Carreras Mugica galerian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Angel Bados artistaren erakusketako pieza bat, Carreras Mugica galerian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko urriaren 14a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ahanzturaren aurka. omenaldiak eta eskaintzak'

Artista: Angel Bados. Non: Carreras Mugica galerian, Bilbon. Noiz arte: Abenduaren 6ra arte.

Oroitzapenak memoriaren mosaiko bat osatzen duten teselen moduan irudikatu ohi ditut: bata bestearen ondoan jarrita, iraganeko zerbaiten presentzia immateriala bermatzen dutelarik. Hots, immaterialtasun hori askotan ahanzturaren arriskuarekin dator, eta horregatik existitzen dira oroitzapen horiek berrabiarazten dituzten ekintzak, hala nola omenaldiak eta eskaintzak. Nolabait, abstrakzio bihurtutako errealitateari gorputz bat itzultzen diote, berriz ere ukigarri bihurtuz.

Hain zuzen ere, existitzen den hori ahantzi ez dadin, prozesu horren garapen estetikoari bideak irekitzen dizkio Ángel Bados eskultoreak, Ahanzturaren aurka. Omenaldiak eta eskaintzak erakusketan, Bilboko Carreras Mugica galerian kokatutakoan.

Erakusketa espazioaren gela nagusian kokatzen da mostra, eta bertara hurbiltzen garen unean, artistak abiatutako prozesuarekin aurrez aurre elkartzen gara. Kolore, forma, testura eta material ezberdinen arteko elkarrizketek osatzen duten atmosfera batean murgiltzen gara, alegia. Lehen begi-kolpean, begietatik gorputzera sartzen den xamurtasuna nabaritzen da, eta horrek pieza bakoitzerantz gerturatzeko beharra sortzen du, bakoitzak babesten duen hori modu zehatzagoan identifikatzeko.

Artistak materialen artean harreman ezberdinak sortzen ditu, eta horien emaitza nortasun propioa mantentzen duten konposizio heterogeneoak dira. Batzuetan, harria ageri da oinarrian; beste batzuetan, egurra; edo estanpatu koloretsuko oihalek hartzen dute protagonismoa.

Erakusketan zehar desplazatzen naizen bitartean, pieza batzuek eta besteek nire arreta bereganatzen dute. Haietara hurbiltzean, oreka perfektutik aldentzen direla sumatzen dut: ez baitute simetriaren ordena bilatzen, baizik eta elkartrukean garatzen den bizitasuna. Adibidez, oihalezko peana bigunen gainean kokatutako harriek eta alboan dituzten beirazko ontziek tentsio leunak sortzen dituzte; harriaren pisuak oihalaren arintasunari erantzuten dio, eta bitartean, beiraren hauskortasuna agerian geratzen da.

Elkarri eraginez, sare afektibo bat osatzen dute, espazioan zehar hedatzen dena. Izan ere, ez dago hierarkiarik bertan: pieza bakoitzak bestearen presentzia moldatzen du. Eta moldatze horretan, zentzu ezberdinak sortzen dituzten konposizioen konstelazio bat eratzen da.

Konstelazio horren parte diren pieza ezberdinetan, kufiyak ageri dira, haien materialtasunaz harago, figurei zentzua ematen dieten elementu gisa. Oihal palestinar horiek babesaren eta doluaren ikur bihurtzen dira hemen, eta, aldi berean, bestearekiko begiradaren aztarna dira: iraganeko eta egungo zaurien lekuko. Modu horretan, materiaren eta memoriaren arteko zubi lana egiten dute oihalek.

Zentzu-eraikuntza hori beste modu batzuetan ere gauzatzen da Badosen lanetan. Esaterako, material gogorragoen artean babestutako fotokopiak ikus daitezke zenbait piezatan. Irudi horiek presentzia isilak dira; artistak azaldu bezala, irudiaren kontsumo azkarra saihestu nahian, erreprodukzioaren baliabidea erabiltzen du, desagertzear dagoen horren biziraupena bermatzeko.

Esan dudan bezala, irudi horiek erdi ezkutuan daude, eta, ondorioz, ikuslearen bilaketa aktiboa eskatzen dute; bertan dagoena deszifratzea da haien eskaera, piezek gerturatzeko keinua eskatzen baitigute. Azkenean, oroimenaren eta desagerpenaren arteko tentsioaren lekuko bihurtzen gara, eta irudiari eusteko keinu horiek erresistentzia xume baina iraunkorraren ekintzak bihurtzen dira.

Erakusketa osatzen duten piezen konstelazioak ez du esanahi zehatz eta itxirik osatzeko asmorik. Aitzitik, konposizio bakoitzaren tramen bitartez sortzen diren zentzuek guregan zerbait osatzea bilatzen dute: esperientzia intimo eta kolektibo baten forma iragankorra, oroimenaren eta materiaren arteko elkarrizketan. Horien bidez, gu geu ere konstelazio horren parte bihurtzen gara, materia eta memoria elkartzen diren leku horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.