'herentzia'
Zuzendaritza: Rolando San MartĂn, Iñaki Rikarte. Testua: Iñaki Rikarte. Antzezleak: Isidoro Fernandez, Aizpea Goenaga, Garbiñe Insausti, Iñaki Rikarte. Espazio eszenikoa: Kulunka Teatro. Argiztapena: David Bernues. Musika-konposizioa eta soinua: Luis Miguel Cobo. Jantziak: Ikerne Gimenez. Itzulpena: Aizpea Goenaga. Produkzio laguntzailea: Nagore Plazaola. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea. Eguna: Urriak 8.
Â
Ez zara antzokitik aterako sartu zaren bezala. Horrekin esan nahi dut Herentzia antzezlanak galdera egoki eta zehatz asko egiten dizkiola ikusleari. Emanalditik irten ondoren zeure buruarekin edo lagunekin ibiliko zara xehetasunak errepasatzen, autobetetzen diren —ditugun— profeziei buruz mintzatzen, edota genetikaren eraginaz nahiz heziketaren eraginaz eztabaidatzen. Ez, ez zara berdin irtengo.
Guraso ez izateko argumentuak egon badaude, esaterako, munduaren akabera gertu daukagulako ideia partekatua, edota gizakiak, espezie gisa, autofagia batean bizi garelako iritzi zabala. Arrazoi objektiboak badaude, antza. Baina badaude, baita ere, gure intimitatetik, gure barne-barneko beldurrak eta lazturetatik jaiotzen zaizkigun traba eta oztopoak aita-amak izateko. Eta horiek ditugu, hain zuzen ere, Herentzia-n ikuslearen arreta pizteko idazleak erabili duen puzzle-pieza, argumentuaren misterioa eta ardatza. Zer dauka Jabik?
Kulunkaren azken ekoizpena misterio baten gainean eraikita dago; are, ia ordubete pasa arte ikusleok ez dakigu Jabik eta Aliziak osatutako bikoteari duela gutxi zer gertatu zaion. Baina, gauzak horrela, zin degizuet ezin dizuedala gehiago argitu. Eta, esanak esan, zuek ulertu iezadazue, mesedez, zuei ere, obra ikusi ondoren spoilerrak ez zabaltzeko eskatzen badizuet, ze ariketa ederra egin baitute Kulunkakoek ikuslearekiko erabateko ziurgabetasunean sostengatzen den lana aurrera eramateko.Â
Dekoratua oso «kulunkakoa» dugu, apartamentu vintage baten barrualdea erakusten diguna, bi aterekin. Bikote zahar baten (Isidoro Fernandez, Aizpea Goenaga) egongela bat da, baina erdian bikote gaztearen (Garbiñe Insausti, Iñaki Rikarte) etxeko ohea dakusagu. Era horretan gurasoen etxean ikusten dugu semearen eta haren bikotekidearen jarduera eta ahalbidetzen da Rikarteren testu-jolas interesgarria, non bikotea beste bikotearen ekintzen oihartzun, narratzaile eta ekintzen deskribatzailea bihurtzen den. Disposizio horrek ere ubideratzen ditu istorioak behar dituen leku eta denbora aldaketak. Horretaz gain, ezin aipatu gabe utzi argiak eta soinu diseinuaren arduradunek lan fina bete dutela; iluntasun gozoa sortzen batek, artegatasuna azpimarratzen besteak.
Pertsonaiek jende arrunta eta lasaia dirudite hastapenean, baina Jabik duen arazoa gero eta handiagoa bihurtuko da, gero eta dramatikoagoa, gero eta jasanezinagoa, harik eta eztanda egiten duen arte. Leherketa emozional horretan, atzokoan, Rikartek punta-puntako talentuaren erakustaldia egin zigun Insaustiren sostenguarekin. Ene!
Kulunkaren aurreko lanak etorri zaizkit burura, bereziki Forever eta Quitamiedos (Bazter-babesa). Lehenbizikoa, barka, ezin dizuet zergatik aitortu, eta bigarrena, giro aztoragarriagatik. Baina, egia esatera, Herentzia bada lehengo pieza guztien oinordeko zuzena eta gozagarria.
Urriaren 7an, Hernaniko publikoak zutik adierazi zien bere esker ona.Â