Kritika. Literatura

Zerua itsaso zikin bat da

'Hondar ahotik zeru ahora'
2026ko maiatzaren 17a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'HONDAR AHOTIK ZERU AHORA'

Egilea: Koldo Almandoz. Argitaletxea: Farmazia Beltza. 

«Suteak itzaltzeko ur-ahoak badiren moduan, badira —zergatik ez?— Zeru Ahoak ere, erantzunen eta oxigenoaren bila xerkatzen ditugun fuga puntuak», diosku Harkaitz Canok Koldo Almandozek ondutako Hondar ahotik zeru ahora liburuan. Canoren hitzok bigarren telesailaren izenburuari hobeto egokitzen bazaizkio ere, bi telesailak, eta, ondorioz, liburua bera laburbiltzeko balio digutela esango nuke. Izan ere, izenburuak berak azaltzen digunez, Almandozek zuzendutako bi telesailen —Hondar Ahoak (2020) eta Zeru Ahoak (2025)— erreportajea, edo, nahi bada, ibilbidea biltzen du Farmazia Beltzak argitaratutako obrak.

Egiten den errepasoa, baina, ez da erreportaje bat bere horretan, ez dagokio kazetaritza-generoari. Biltzen diren materialak ez dira testigantzetara mugatzen, edo grabaketa-prozesuak hasi eta buka aletzera. Irakurleak, nahas-mahas, sortze- eta produkzio-prozesuarekin zuzenean loturiko askotariko materialak aurkituko ditu: argazki-bildumak, testigantza eta iritzi-sortak, telesailaren sortze-prozesuan eta gidoian parte hartu zuten horien ideiak, grabaketan baliatutako materialen faksimileak, eta telesaileko eszena zehatz bat komiki forman kontatuta, besteak beste. Askotarikoak dira materialak, eta asko dira baita ere liburuaren sorreran parte hartu duten egileak: Koldo Almandozenak dira testuak, baita komiki zatitxoaren gidoia eta errodaje-argazkiak ere; komikiko ilustrazioak, ostera, telesailetako kartela bezala, Aritz Truebarenak dira; diseinua Marmol Estudioaren lana izan da; Harkaitz Canok ere parte hartu du errebisio-lanetan; eta, azkenik, agertzen diren argazkiak Txarli Argiñano, Javi Agirre, David Herranz, Idoia Artxanko eta Txufo Wilsonenak dira.

Askotarikoa izateagatik iruditzen zait horren zaila etiketatzen liburua: zer da, berez, saiakera bat? Erreportaje-liburu bat? Argazki-liburu bat? Ez nuke jakingo sailkatzen, eta segur aski, jakingo banu ere, ez nuke asmatuko. Horrek, neurri batean, ematen dio nortasunik liburuari. Baita edizio-lan zainduak ere. Erabilitako paper-motak argazkien potentzialtasuna apur bat apaltzen badu ere, ezin da ukatu ondo maketatutako eta aurkeztutako proposamena dugula Almandozena eta kideena. Igartzen da mimoz egindako lan baten emaitza dela; badirudi disposizio zainduak telesaila osatu eta bete duen ekipoaren proiekzioa izan nahi duela, eta aitortza egin nahi diela prozesu guztian presente egon direnei. Eskerrik asko bat ahotik ahora.

«Zerua itsaso zikin bat da», kantatzen du Ruper Ordorikak Martin Larralde abesti entzutetsu eta zoragarrian. Abesti horren oihartzunak etorri zaizkit gogora, errepikatzen den mantra bat bezala, Koldo Almandozen obra irakurri bitartean, eta ez bakarrik 90. orrialdean esplizituki aipatzen delako: obra ezaugarritzen duen aniztasunak edozein erreportaje edo dokumentalek eskaintzen ez duten alderdi emozionala erantsi die obrari eta telesailei. Alderdi horiek guztiek Almandozek eraiki duen zeru anitza elikatu dute, konnotazioz eta ertzez jantzi baitute euskal noir generoaren itsaso beltza. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA