Kritika. Literatura

Zorretan

Agurtzane Intxaurragaren 'Zorretan' liburuaren azala. SUSA
Agurtzane Intxaurragaren 'Zorretan' liburuaren azala. SUSA
2025eko irailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'zorretan'

Idazlea: Agurtzane Intxaurraga.

Argitaletxea: Susa - Ehaze.

Agurtzane Intxaurragaren bi antzezlan biltzen ditu Susako Ganbila bilduman argitaratu den Zorretan obrak. Izenburuak, hain zuzen ere, euretariko bati egiten dio dei, berrienari, baina, hala ere, esango nuke biak izendatzeko balio duela, neurri batean. Izan ere, hamabi urteko tartea dago bien artean: Zorretan 2024ko urriaren 25ean estreinatu zen Donostiako Egia kultur etxean, eta, orduz geroztik, Euskal Herriko eszenatoki ugari ezagutu ditu, baita Donostia Antzerki Saria jaso ere. Bigarrenak, Hitzak izenekoak, luzeagoa du ibilbidea, 2012ko azaroaren 23an estreinatu baitzen Donostiako Antzoki Zaharrean. Alderdi tematikoari dagokionez ere badago alderik bien artean; liburuko lehenengoak zaintza lanen feminizazioaz eta generozko praktika horrek dakarren presioaz dihardu. Bigarrenak, berriz, genero indarkeria dakar lehen lerrora.

Hala ere, hari inplizitu baina sendoek zeharkatzen dituzte bi-biak. Euretariko bat da perspektiba, alegia, autoreak gai zehatz horiei nondik begiratu dien eta nondik kontatu dituen. Intxaurragaren proposamenetan, historikoki isildutako minetan hazka egin, eta, gorputzen bitartez, jazarpen egoerak salatzeko borondatea nabari da, zapalkuntzari oldartzen zaion aldarria. Bigarren lotura da idazleak darabilen lengoaia iradokitzailea. Antzezlanak bere horretan poetikoak ez badira ere, figuratibotik asko duen prosa bat darabil bi kasuetan, zeinetan loreek eta haien inguruko sare semantikoak bestelako esangura bat hartzen duten.

Hala ere, performatzen diren gai eta auzi horiek zirrara eragin didaten arren, guztietarik ere denboraren iragaitea errepresentatzeko moduak seduzitu nau gehien. Iruditzen zait teknika horren bitartez lortzen dutela bi konposizioek gaiak bere laztasunean eskatzen duen karga eta tentsioa eragitea. Ardatz kronologikoa ez da ez sinplea ezta lineala ere; Intxaurragak bi kasuetan egin du bikoiztearen alde. Hala, irakurleari oraina iraganarekin nahastuta agertuko zaio, are, zenbaitetan etorkizunarekin ere bai.

Zorretan antzezlanaren kasuan, atzera begirakoa klasikoagoa izan da; off-eko ahotsean taularatzen den narratzaile extradiegetiko bat baliatu da iraganeko txatalak josteko. Hitzak konposizioan, ostera, pertsonaien bitartez errepresentatu da denbora-lerroa: pertsonaia nagusi bakarra irudikatu zaigu, baina aktore desberdinak erabilita; protagonistaren bizitzako une desberdinak taularatu zaizkigu aldi berean, pertsonaia desberdinak izango balira bezala. Hala, pertsonaia beraren askotariko soslai gurutzatuekin batera, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren elkarrizketa errepresentatu zaigu. Guztiek ere irakurle-ikusleen pertzepzioan eragingo dute ezinbestean; maiz, aktore guztiak modu kaotikoan agertuko direnez, hizpide den auziak eragiten duen itolarri eta ezinegona transmititzea lortzen da.

Ez da, inondik ere, estrategia literario berritzailea aipaturikoa. Bai, ordea, nire iritziz behintzat, taularatzeko eta gorputzez errepresentatzeko zaila. Eta Intxaurragak antzerkigintzan eskarmenturik baduela erakutsi digu; asmatu egin du gaiekin, baina, batez ere, jakin egin du auzi horiek interpretatzeko zein baliabide estetiko erabili, eta nola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.