Donostiako 74. Zinemaldia

Kroaziako, Kosovoko, Portugalgo eta Turkiako filmak Donostiako Zinemaldiaren WIP Europa sailean

Lau film dira osotara, M. Tayfur Aydin, Val Jashari, Monica Lima eta Filip Mojzes zuzendarienak zehazki, eta irailaren 21ean eta 22an jarriko dituzte ikusgai. Postprodukzio fasean daude guztiak.

Monica Limaren 'opera prima'-ren irudi bat: 'Familiar Feelings'. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Monica Limaren 'opera prima'-ren irudi bat: 'Familiar Feelings'. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko abuztuaren 11
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zinemaldiaren 74. aldiaren programazioa osoa bistara eduki ahal izateko informazioa tantaka-tantaka ematen ari dira aurten ere, ohi denez, eta, preseski, festibala hasteko bost aste falta diren honetan plazaratu dute WIP Europa sailari loturikoa. Jakinarazi dutenez, lau film jaso dituzte oraingoan sail horretan; Kroaziako bat, Kosovoko bat, Portugalgo bat eta Turkiako bat. Atzera ere, postprodukzio fasean daude denak, prozesuaren aldi horretan dauden filmak ikusaraztea baitu xede sailak, baina, aurten hautatu dituzten lau lanei so, bada nabarmendu daitekeen beste ezaugarri esanguratsu bat ere: hirurak opera prima-k dira.

Festibalak irailaren 21ean eta 22an jarriko ditu ikusgai WIP Europa saileko film guztiak. Ohi denez, profesional talde baten aurrean aurkeztuko dituzte guztiak, eta, hala, zuzenean bihurtuko dira Industriaren WIP Europa saria eta WIP Europa saria irabazteko hautagai. Bi sariok elkarri loturik daude, eta, funtsean, zera bermatzen diote eskuratzen dituenari: filmaren postprodukzioa gauzatzeko baliabideak, DCP bat ingelesezko eta gaztelaniazko azpitituluekin, lana banatzeko laguntza, eta 10.000 euroko ordainsaria. 

M. Tayfur Aydin zuzendari eta ekoizle turkiarraren azken filmeko irudi bat.
M. Tayfur Aydin zuzendari eta ekoizle turkiarraren azken filmeko irudi bat.

Aurten WIP Europan kabiarazi dituzten lanetako bat M. Tayfur Aydin zuzendari eta ekoizle turkiarraren Kirpilerin Savaşı /The Battle of Hedgehogs filma da. Zuzendariak ibilbideko laugarren lan luzea du hori, eta argumentuak hau du ardatz: Turkiako Anatolia herriko familia batean herentzia baten ondorioz piztutako gatazka. 

Familien barreneko arrakalak

Sail berean parte hartuko duten beste hiru zuzendariek, berriz, debuterako abagune izanen dute Donostiako Zinemaldia. Esaterako, Monica Lima zuzendari portugaldarrak Familiar Feelings lana aurkeztuko du WIP Europan. Orain artean, film laburrak zuzenduaz urratu du ibilbide artistikoa Limak, eta orain, estreinakoz film luze bat ontzen ari den honetan, porrota eta aktore lana hartu ditu gai nagusitzat. Izan ere, aktore gisara arrakastarik lortu ez duen eta ondorioz jaioterrira itzuli den emakume bat da istoriako protagonista. 

Bestalde, Val Jashari zuzendari kosovarrak Me Fjalë Tjera / In a Manner of Speaking bere lehenbiziko lana aurkeztuko du. AEBetan pertsona bat hiltzea leporatu ziotenetik Pristinan ezkutatuta dagoen gizon baten istorioa bildu du film horretan.

Eta Filip Mojzesen estreinako lana ere erakutsiko dute WIP Europan. Sarajevoko Bela Tarr Film Factoryn master bat egin ondoan ondutako Prvi Tjedan u Kolovozu / The First Week of August filma aurkeztuko du, zehazki. Eredugarria zirudien familia batek gertakizun bortitz baten ondorioz biziko duen gainbehera jasotzen du lanak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA