Atlantikaldiak kultur zeharkaldiak proposatuko ditu irailaren 18tik 21era

Kulturen arteko elkarrizketa eta sormen artistikoa sustatzen dituen jaialdi horrek hamabigarren aldia izango du aurtengoa. Besteak beste, Palestinako Sol Band eta Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta eta Ines Osinaga jarriko ditu elkarrekin lanean.

Atlantikaldiaren antolatzaileak eta Palestinako Sol Band taldea, Errenterian. KORU BG
Atlantikaldiaren antolatzaileak eta Palestinako Sol Band taldea, Errenterian. KORU BG
garbine ubeda goikoetxea
2025eko ekainaren 27a
17:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldia kultur topagune eta musika jaialdiak aurtengo gonbidatuen lehen zerrenda eman du. Besteak beste, Pambele (Kolonbia), Muchachito Bombo Infierno (Katalunia), Aita Mon Amour (Maroko), Kumpania Algazarra (Portugal) eta Ramon Mirabet (Katalunia) arituko dira, irailaren 18tik 21era. Euskal Herriko artistarik ere izango da tartean; esate baterako, Kiliki, eta Eider eta Anixe.

Palestinako Sol Band taldeak, bestalde, Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga eta Arkaitz Miner musikariekin osatuko du lehenengo Itsas Elkarrizketa, jatorri ugaritako sortzaileak harremanetan jartzea helburu duen ekinaldia.

Zeharkaldiak izango du leloa aurtengo Atlantikaldiak, eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegik eman du horren azalpena: «Zeharkaldiak ez dira soilik fisikoak. Kultura, esperientzia eta sentipenen arteko gurutzaketak ere badira, nork bere mugak zabaltzeko gonbita. Hori da Atlantikaldiaren espiritua». Migrazio historikoei eta gaur egungoei egindako keinu bat ere badela gaineratu du: «Artearen eta musikaren bidez, omenaldia egin nahi diegu gure komunitatea beren hizkuntzarekin, kontakizunekin eta tradizioekin aberastu duten guztiei».

Hizkuntza ugari eta askotariko ikuspegi artistikoak agindu ditu Atlantikaldiak hamabigarren aldi honetarako, baita genero berdintasunerako konpromisoa eta nazioarteko eta tokiko sorkuntza uztartzeko gogoa ere. «Horixe da gure zeharkaldia», esan du Otaegik.

Aurreko urteetako toki eta gune tematikoak izango ditu aurten ere Atlantikaldiak: Itsasargi Nagusiak Agirre Lehendakariaren plazan izango du eszenatokia; Herriko Plazak emanaldi intimoagoak hartuko ditu, izen bereko tokian; Kalekaiak, arte urbanoaren guneak, Panier orubea izango du egoitza; eta Herrixkak Foru plazan hartuko du tokia. Azken horretan, parte hartze kolektiboko jarduerak bilduko dituzte, eta gastronomiarako gunea ere bertan izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.