Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak Euskadiko Kultura Sistemaren Lege aurreproiektua aurkeztu du Donostian. Tresna juridiko politiko egonkor bat lortzea litzateke helburua, eta, haren onuren artean, «kultur eskubideak indartzea, euskara erdigunean jartzea, plangintza eta ebaluazioa bultzatzea, jasangarritasuna kontuan hartzea eta digitalizazioa txertatzea» nabarmendu ditu. Etzi zabalduko da alegazioak aurkezteko epea. Halaber, legearen atzean dauden helburu praktikoak eta indarrean dagoen sistemarekiko begirunea balioetsi ditu Bengoetxeak: «Lege honek ez du administrazio berririk eskatzen, ezta egitura burokratiko gehigarririk ere. Lehendik dagoena ordenatzen eta koordinatzen du, koherentziaz, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta tokian tokiko erakundeen eskumen banaketa zorrotz errespetatuz».
Euskararen aldeko konpromisoez ere mintzatu da lehen lehendakariordea, eta horrek «kulturaren esparru guztietan» eragingo duela gaineratu du, «sorkuntzatik hasi eta, Etxepare Euskal Institutuaren bidez, nazioartekotzeraino». Alde horretatik, Euskararen presentzia, ezagutza, transmisioa, zabalkuntza, ikusgarritasuna eta erabilera sustatzeko neurriak aurreikusten ditu legeak, artean ezer zehatzik ageri ez bada ere: «Euskarazko edukiak sortu, ekoitzi, banatu eta erakusteko programak izango dira, eta, behar denean, baita neurri positiboak, laguntzak, pizgarriak eta antzekoak ere».
«Legeak berariaz azpimarratzen du euskararen zentraltasuna bizitza kulturalean; hizkuntza propio gisa, kultura ondarearen funtsezko zati gisa eta komunitatea egituratzen duen elementu gisa»
IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea
Izan ere, lege aurreproiektuaren bost ezaugarri nagusietako bat da euskararen aitortza, Bengoetxearen aburuz: «Legeak berariaz azpimarratzen du euskararen zentraltasuna bizitza kulturalean; hizkuntza propio gisa, kultura ondarearen funtsezko zati gisa eta komunitatea egituratzen duen elementu gisa». Beste ezaugarrietako bat kulturaren eskubidea litzateke: «Eskubide kulturalak erdigunean ipintzen ditu sarbidea, parte hartzea, sorkuntza eta ekoizpena. Eta ikuspegi argi batetik egiten du hori: adinetik, desgaitasunetik, jatorritik, egoera sozialetik, sexu orientaziotik, generotik edota hizkuntzatik». Hain zuzen, bi puntuok nola uztartuko diren gako garrantzitsua izan liteke, batez ere hizkuntzen eskubideek talka egiten dutenean.
«Etorkizuneko legea»
Euskararen aldetik ez ezik, beste ertz batzuetatik ere konpromisoak hartzera bultzatzeko xedea jasotzen du lege aurreproiektuak, hala nola ekipamenduan, praktika onetan, irisgarritasunean eta digitalizazioan; baita gardentasuna bermatzeko neurrietan ere. Bengoetxea: «Entitate publikoek beren planen berri eman beharko dute. Eta Eusko Jaurlaritzak kultur eskubideen gutuna emateko konpromisoa hartuko du».
Bestalde, legeak bost urteko planak osatzera eta bertan diagnostikoa eta helburuak kontuan hartzera eta egutegiak zehaztera behartuko du Eusko Jaurlaritza, «unean uneko gobernuaren kolorea edozein dela ere». Plan operatiboak ere aurreikusten ditu legeak, sistemaren funtzionamendua doitzeko eta legea bera testuinguru sozialera egokitzeko. Bi urtetik behin egingo lirateke horiek.
Bengoetxearen hitzetan, legeak Euskal Kulturaren Behatokia indartzea dakar inplizituki: «Datuak emateko betebeharra ezartzen du, eta ebidentzian oinarritutako politika kulturalak bultzatzera». Alde horretatik, adierazgarri homologagarrien sistema sendotzeko asmoa azaldu du: «Inpaktua ebaluatzeko adierazle gida bateratu bat egiteko aukera ere jasotzen du testuak».
Legeak daukan nobedadeaz galdetuta, haren ikuspegi integrala aipatu du hasteko eta behin: «Lege kategoria du, eta dagoeneko martxan dauden piezak batzen ditu sistemaren marko gisa funtzionatzeko, sektore legerik ukitu gabe».
Legea bermatuko luketen tresnen artean Arartekoaren rola nabarmendu du Bengoetxeak: «Kultur eskubideen defentsari arreta emango dio erakunde gisa». Hiru konpromiso gehigarri izango lituzke Arartekoak: alde batetik, finantzaketaren aldizkako azterketa bat egiteko beharra; bigarrenez, kultur zerbitzuaren euskal gutuna ateratzeko konpromisoa; eta hirugarrenez, sortzaile eta profesionalekin egindako «jardunbide egokien gida».
Kultur sektoreari begira, «egonkortasuna, plangintza eta ebaluazioa, eta gobernantza argiagoa» ahalbidetuko lituzke legeak; lurraldeari begira, berriz, «koordinazio handiagoa, baliabideen erabilera hobea eta kultura jasangarriagoa eta kohesionatuagoa».
KULTUR SISTEMA, ZENBAKITAN
Legearen aurreproiektua aurkezteaz batera, Euskal Autonomia Erkidegoko parte hartze kulturalari buruzko inkestaren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %91,8k uste dute kulturak gizarte hobea eratzen laguntzen duela. Bestelako daturik ere eman dute, baina ez da argitzen euskara aldagai gisa kontuan hartzen ote den galdetegian. Hauek dira datuak:
- %75,9k liburuak irakurtzen dituzte.
- %64,8 kontzertuetara joaten dira.
- %63,4 zinemara joaten dira.
- %57,9 antzerkira joaten dira.
- %40k baino gehiagok jarduera artistiko amateurren bat egiten dute.
Kulturak ekonomian daukan garrantziaz ere mintzatu dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Lehiakortasunerako Euskal Institutuak kultura eta sorkuntza industrien ekosistemari buruz egindako txostenaren arabera, 16.886 kultura eta sorkuntza enpresa daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; horren arabera, 33.983 lanpostu daude kultura sektoreari lotuta. Sektoreak, bestalde, lurraldeko enplegu osoaren %3,8 osatzen du. Gainera, espezializazioak pisu nabarmena du, eta horren adibide dira ikus-entzunezkoen sektorea —%23,8 egin baitu gora 2015etik— eta hizkuntzen industria —%24,3 hazi da—. Bideojokoen sektorean, berriz, enpresa bakar batetik hamalaura egin du gora hamar urtean.