Kulturaz beteriko olatua

Hamargarren aldiz, Atlantikaldia kultur topaketa eta musika jaialdia egingo dute Errenterian. Rodrigo Cuevas, Rebeca Lane eta Olaia Inziarte ariko dira, besteak beste

Atlantikaldia jaialdiaren aurkezpena, joan den astean, Errenterian. ATLANTIKALDIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Itsasoarekin aurrez aurreko elkarrizketa bat izateko parada izan ohi da Atlantikaldia. 2014an antolatu zuten aurreneko aldiz, eta, hamargarren urtea beteta, sendotuta eta egonkortuta iritsi da kultur topagune eta musika jaialdia Errenteriara (Gipuzkoa). Itsasoa eta haren memoria berreskuratzeko asmoz sortu zuten jaialdia, eta, aurten ere, bide beretik jarraituko dute: bihar hasi eta igandera bitarte, 59 jarduera antolatu dituzte Bitakora lelopean. Sarrera guztiak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da zenbait ekintzatan parte hartu ahal izateko.

Ohi bezala, musika izango da jaialdiaren ardatz nagusia. Bide horretan, artisten arteko elkarrizketak sustatzea izango da jaialdiaren xedeetako bat: hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdinetako artistak elkarlanean jarriko dituzte. Agirre Lehendakariaren plazan izango dira solasaldi horiek, eta, aurten, honako artista hauek arituko dira: Femina eta Bea, eta Idoia Asurmendi; Aywa eta Kimu Txalaparta; Nidia Gongora eta Olaia Inziarte; Bia Ferreira eta Iban Nikolai; eta Rodrigo Cuevas, Dupla eta Hekthorfolk. «Jaialdiaren bereizgarri nagusietako bat dira elkarlan hauek», nabarmendu du Josean Ruiz de Azua jaialdiko zuzendariak.

Gainontzean, «estilo eta jatorri askotako» proposamenak bildu dituzte egitarauan. Tartean, Szamana Contraste, Ede, Yaima Orozco, DJ Rita, Rebeca Lane, Yassar, Ramada Inn, Olana Liss, Malva Vela, Deñe, Trouble Woman, Eire, Mirua, Etxepe eta Denso musikariak ariko dira. Aurten, gainera, emakumeen lana taularatzeko «ahalegin berezia» egin dutela gaineratu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak: parte hartzaileen erdiak baino gehiago izango dira emakumezkoak. «Askotariko ahotsen bozgorailu izaten eta egitaraua dibertsifikatzen saiatu gara», zehaztu du.

Musikaz gainera, baina, bestelako ekitaldiak ere bilduko ditu Atlantikaldia jaialdiak, betiere kultur aniztasunaren filosofia ardatz hartuta. Besteak beste, literatura emanaldiak, gastronomia jarduerak eta helduentzako zein gazteentzako ikastaroak eta tailerrak.

Halaber, Errenteriako Musika Kultur Elkartea bandak Bi lurralde, hizkuntza bat emanaldia egingo du larunbatean. Errenteriako Herri Arte Eskolak, berriz, Galestar konexioa aurkeztuko du igandean: Galesko hiru artistarekin elkarlanean egindako hilabeteetako trukearen emaitza izango da ikuskizun hori.

Dantza, Torrekua inguruan

Zehazki, 2014an egin zuten Atlantikaldia estreinakoz, hiru ardatz nagusirekin: Errenteriako itsas tradizioaren memoria berreskuratzea, batetik; herria mundura begira jartzea, bestetik; eta mundua herriari begira jartzea, azkenik. Hori lortzeko, bisita gidatuak antolatu dituzte Errenterian, jaialdiak irauten duen lau egunetarako.

Aurtengoa izango da, beraz, hamargarren aldia, eta urteurrena «egindako bidearen ospakizuna» izango dela kontatu du Otaegik: «Omenaldia egin nahi diogu urteotako lanari, gurean izan diren sortzaileen ekarpenei. Sortzaileek, eragileek eta ikusleek jarriko duten hondar alearekin koaderno horretan orrialde berria idaztea izango dugu helburu aurtengoan ere».

Honako hauek izango dira jaialdiko lau gune nagusiak: Itsasargi Nagusia izenekoa Agirre Lehendakariaren plazan egongo da, eta han jarriko dute agertoki nagusia; Herriko plazan, musika eskaintza intimoago bat antolatu dute; Panier orubeko Kalekaian artista urbanoak arituko dira; eta Foru plazako Herrixkan, berriz, herritarrek parte hartzeko tailerrak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte. Azken hori gastrogunea ere izango da: foodtruck-ak jarriko dituzte.

Lau horietaz gainera, Torrekua inguruan ere egingo dituzte emanaldi batzuk, larunbatean. Dantza izango da protagonista horietan guztietan: Kukai konpainiak Yarin site specific emanaldia taularatuko du, eta Share dantza proiektu kolektiboan parte hartzen duten nazioarteko dantzariek saioak eskainiko dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.