Kulturen arteko talkatik fusiora

Entsegu eguna izan dute Habanan Ines Osinagak eta Fabrica de Arte Cubanoko kontzertuan parte hartuko duten artista kubatar eta euskaldunek. Topaketa eguna izan da, eta bi kulturen uztartzea esperimentatzekoa.

Garazi Egiguren dantzari tolosarra eta Kubako dantzariak, elkarrekin. A. ARRUTI.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Habana
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Eraikin kolonial dotore bat da Teatro Fausto, eta Habana erdialdean dago. Eraikinaren kanpoalde landuak erakusten digu antzoki dotorea izan zela garai batean, eta hala gogoratzen dute bertako adinekoek ere. Nostalgiaz gogoratu ere, zaharkitua, inolako azpiegiturarik gabe eta konponketa sakonen premian baitago, nahiz eta dotoreziaren zantzu batzuk mantentzen dituen. Badu bizitza, ordea. Eraikinean sartu, eta oholtza handiaren gainean entseguan ari dira dantzari batzuk, dantza garaikidean, gorputzarekin hizketan, jolasean, trukean. Rakatan dantza konpainiako dantzariak dira, Habanan itzal handikoa den konpainiakoak.

Garazi Egiguren dantzari tolosarra sartu da eraikinean goiz erdian, hitzartuta bezala. Nilda Guerrarekin du hitzordua, Rakatan konpainiako zuzendariarekin. Elkar aurkeztu, eta oholtzako lurrean borobilean eseri dira bertan entseguan ari ziren hamar bat dantzariak. Egigurenek nondik eta zertara datorren kontatu die, #itsasoadabidebakarra proiektua azaldu die, eta dantzarekin ere Euskal Herriko eta Kubako kulturak uztartzeko proposamenarekin datorrela esan die; bi kulturen topaguneetan elkartzen saiatu nahi duela.

Kubako dantzariek bazuten proiektuaren berri. Are, proiektuaren parte dira. Ines Osinagak iazko udaberrian Kuban egindako egonaldi artistikoan elkarrekin aritu ziren Habanako kaleetan. Kale antzerki jaialdi batean probatu zuten Kuba-Euskal Herria fusioa Kubako dantzariek eta Ines Osinagaren trikitiak. Esperimentazio eta inprobisazio ariketa izan zen, Чорне море kantuan jasoa geratu dena. Orain, dantzaritik dantzarira aritu dira Egiguren tolosarra eta kubatarrak. Zehaztasunak aurrez, denborarekin prestatzen saiatu da Egiguren, baina emanaldiaren bezperan izan du koreografiak uztartzeko aukera. Entseguaren ondoren, bere «mania europarraz» konturatu dela dio dantzari euskaldunak: «Denbora askorekin prestatu izan ditut beti dantzak, eta koreografiak erabat zehaztuta eta lotuta izan ditut beti». Itxita, hertsiegi agian, inprobisaziorako leku handirik gabe. Kuban, berriz, inprobisazioa da nagusi, mugimenduaren bizitza. Eta mugimendu askera bideratu dute Egiguren bera ere Fausto antzokian, momentuarekiko eta kideekiko konplizitate jolastira.

Noraezean, batetik bestera bila hasitako bideak aurkitu du gune konpartitua, erosoa; Egigurenek sentitu du irudikatu duela objektu zena subjektu bilakatzea, ahaldundu direla emakume euskalduna eta emakume kubatarra, eta ahizpatasun horretan bat egin dutela.

Vedadoko kalejira kantua aukeratu dute horretarako. Rakatan konpainiako lehen dantzaria da Mailyn Castillo, eta haren erritmo afroan oinarrituta astindu da oholtza, ondoren euskal dantzariarekin fusionatzeko. Urruntasuna apurtu, gerturatu, eta euskal dantzaren eta kubatar erritmoen arteko bateratze guneak aurkitu dituzte. Koreografiaren egitura antolatuta, baina inprobisazioari leku emanda lortu dute hori. Eta ederra izan da musika fusioaren ideiari gorputza jartzeko ariketaren emaitza.

Emakumezko bi dantzarien aurretik, Rakatan konpainiako beste bi kide aritu dira aurrez entseguan: Rosdayliet Marquez eta Luis Enrique Ramirez. Kubako dantza garaikidearen oinarrien gainean sortutako dantza garaikidea izan dute ariketa. Jauziek eta jolasek, gorputzen bat egiteek zoriontasunaren bilaketaren gorabeherak marraztu dituzte, bilaketa horretarako bidaia. Alegrantziaren aldeko konjura kantarako prestatu duten lana da, arreta bereganatzen duena.

Kubatar dantzarien indar basatiak, lurrarekiko konexioak eta izerditan urtutako berotasunak txunditu egin dute Egiguren, eta eskertuta agertu da horren maila handiko dantzariek eskuzabal eta umil egin dioten lekuagatik eta eskaini dioten gertutasun, laguntza eta konplizitateagatik.

Findu, nahasi eta bat egin

Bien bitartean, nahasketan eta fusioan sakontzen jarraitu dute musikariek Habanako estudio batean. Goiz eta arratsalde aritu dira instrumentuz betetako gela txiki batean. Bertan batu dira trikitia eta askotariko perkusio instrumentuak, marakak eta panderoa, ukelelea, teklatuak eta nahasketa mahaiak. Lau musikari aritu dira aurrez aurre: ile beltzarana mototsean bildua duen emakume euskaldun bat, Ines Osinaga; ile luze beltz eta azal zuriarekin, egun Frantzian bizi den emakume kubatar bat, Irina Gonzalez; ile kirrudun emakume kubatar beltz bat perkusio eta bateriaren atzean, Yaimi Karell; eta kirru lasaiago eta argiagoak bilduak dituen sortzaile azal zuria, Lorea Argarate. Gorputzak zubi, ahotsak mundu kantarekin hasi dute arratsaldeko saioa, indartsu. Reggaetonaren sustraietara jota, bata danborraren agindupean, musika afroaren erritmoen inguruan aritu dira laurak, bakoitza bere ahots, doinu, soinu eta kantaerekin, erritmoak adosten, tonuak uztartzen. Haien ondoan, azal zuri eta ile luzeko bosgarren artista, Eneritz Dueso soinu ingeniaria.

Findu dituzte ertzak guztien artean, nahastu dituzte euskal kanta tradizionalak eta kubatarrak, berreraiki dituzte, eta bat egin dute. Fabrica de Arte Cubanon #itsasoadabidebakarra proiektua borobiltzeko kontzertuaren bezpera da, eta harilkatzea azken joskeretan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.