Euskal Artisten II. Mintegia

Kulturgintza: non milioiak, non apurrak

Lanarteak eta UEUk antolatuta, Euskal Artisten II. Mintegia egin dute Donostian. Hainbat kulturgilek hartu dute parte, eta, besteak beste, salatu dute erakunde publikoek kulturarako daukaten dirua ez dutela erabiltzen sortzaileen lan baldintzak hobetzeko.

Oskia Ugarte, gaur, bere hitzaldian. JON URBE / FOKU
Oskia Ugarte, gaur, bere hitzaldian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko azaroaren 20a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Orain galdetzen badidate ea gasolindegian lan egin nahi dudan, zuzen noa gasolindegira». Erreparorik gabe egin du aitortza Ander Lipus antzerkigileak, eta garbi erakusten du zein egoera estua bizi duten hainbat euskal kulturgilek. Lipusek ia bizialdi osoa eman du sorkuntzan, eta, 54 urte dituela, orain «erabat nekatuta» dagoela onartu du. Euskal Artisten II. Mintegian egin ditu adierazpenak, beste sortzaile batzuk alboan eta aurrean zituela. Lanarteak eta UEUk antolatu dute jardunaldia, eta Marko bat kultura euskaraz bizitzeko eta egiteko, minorizazioan ez betikotzeko izenburupean, euskal kulturgintzaren erronka zenbait aletu dituzte. Adierazi dute dirua egon badagoela baina ez dela erabiltzen kulturgileen lan baldintzak zaintzeko.

Ekhi Zubiria Etxeberri soziologoaren hitzaldiaren ondotik hartu du hitza Lipusek. Eta harekin batera aritu dira goizeko saioan Oskia Ugarte, Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Ihitz Iriart, Amagoia Gurrutxaga eta Iratxe Retolaza ere. Haietako bakoitzak euskarazko kulturaren arloan sarritan erabiltzen diren terminoen inguruko hausnarketa labur bat eskaini du.

Lipusek 1990ean egin zituen lehen urratsak euskal antzerkigintzan. Hasieran euskaraz zein gaztelaniaz hasi zen lanean, baina denborarekin erabaki zuen aurrerantzean euskaraz egingo zuela guztia; eta geroztik, horretan dihardu. Euskarazko antzerkigintzak izan dituen aurrerapenen testigu izan da aktorea, baina bidean aurrera eginda prekaritatea eta nekea gailendu zaizkiola adierazi du, eta Aulestiko (Bizkaia) Antzerki Topaketen kasuaz aritu da. Esan du Bizkaiko Foru Aldundiak 8.000 euro «besterik ez» dituela jartzen jarduera horretarako, eta parte hartzaileek lan zama handiak hartu behar izaten dituztela euren gain. Horregatik, iragarpen bat ere egin du: aurten antolatuko dituzte azkenengoz topaketak, noiz eta 20. urtemuga bete berritan.

(ID_15531720) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-11-20, Donostia. Euskal Artisten II
Ander Lipus, gaurko hitzaldian. JON URBE / FOKU

Kontrastean, Miñan antzezlanarekin lortutakoa ere aipatu du antzerkigileak. 30.000 ikusle inguru bildu dituzte denera egindako dozenaka emanalditan, eta, haren ustez, publikoa egon badagoela erakusten du horrek.

Erakunde publikoek kulturgintzarako jartzen duten diruaren inguruan mintzatu da Amagoia Gurrutxaga Lanarteako koordinatzailea: «Dirua egon badago. Erakunde publikoek badute, eta ez gutxi», adierazi du. Uda honetan Bruce Springsteen musikariak Donostian emandako kontzertuak aipatu ditu adibide gisa. Diru publikotik 1,2 miloi euro jarri zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak kontzertu horietarako. Kopuru horrekin berarekin gaur-gaurkoz Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak zenbat jarrera finantzatu ditzakeen azaldu du Gurrutxagak: konpainia eszenikoetarako diru laguntzak, antzoki sareko antzokien programazioa, kultura bonuak, bekak, sariketak... «Eta, hala ere, dirua sobratu egiten da».

Gabeziei entzungor

Azken sei urteetan Lanarteak administrazio publikoen hezkuntza planak, inkestak eta txostenak aztertu ditu, euskal kulturaren ekosistema eta kulturgileen baldintzak sakonago ezagutze aldera. Landutako gaietako bat artisten estatutuarena da. Madrilen sortutako lege hori Euskal Herrira nola ekarri izan da erakundearen erronketako bat, artisten euskal estatutua eratzeko asmoz. «Lege horrek ez ditu kontuan hartzen kulturan hizkuntza gutxitu batean aritzen diren eragileak», gaineratu du Gurrutxagak. Gabezia horiek arduradun politikoei helaraztean «hala-hola» hartu dituztela ere salatu du.

«Ez dugu euskara biziberrituko euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu ez badago»

GOTZON BARANDIARAN Idazle eta sortzailea

Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgileak hizkuntza eta kulturgintza bereizezinak direla uste du: «Ez dugu euskara biziberrituko euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu ez badago». Larrialdi egoeran ikusten du euskal gizartea, eta, ekosistema osasuntsu mantendu dadin, kultur zaletasuna da, haren ustez, sustatu beharreko lehen gauza. «Zaleak behar ditugu; zale aktibo bihurtuko direnak, sortzaile bihurtuko direnak, antolatzaile bihurtuko direnak...». Zale horiek sortzeko bidean transmisioak huts egiten duela garbi du Barandiaranek, eta, eremuz eremu, egoera «okertzen» doala uste du. Praktikan trebatzeko beharra dagoela iruditzen zaio, hau da, euskaraz sortzeko grina transmititzea falta dela. Hezkuntza arautuari dagokionez, euskarazko kulturgintza landuko duen curriculuma osatu beharko litzateke, haren ustez, eta Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko egiten duen lana aipatu du gainerako diziplinetara ere zabaltzeko eredu on gisa. 

«Langile moduan kexatu»

Hain zuzen, Bertsozale Elkarteko kide da Unai Iturriaga bertsolari eta marrazkilaria. Ezegonkortasuna bere lanari «atxikitako elementu» modura ikusten du, baina behin-behinekotasun horrek ez du kezkatzen, bera babesten duen organo bat baitu atzean: Bertsozale Elkartea. Gogoratu duenez, pandemia garaian, esaterako, elkarteak elkartasun kutxa bat sortu zuen Lanku enpresarekin batera —elkartearen barruan dago, eta bertsolarien kontratazioaz arduratzen da—, lanik gabe geratu ziren kideen diru sarrerak bermatzeko.

Hasieran osasun larrialdiari emandako erantzun bat izan bazen ere, egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Gaur egun, bertsolari batek Bertsozale Elkarteak edo Lankuk antolatutako saio batera joateko ezintasunen bat badu, eman behar zioten ordainsariaren erdia jasoko du automatikoki. Horrek baldintza batzuk bermatzen dizkie bertsolariei. Nahiz eta askok euren burua horrela ikusi ez, kulturgileak langileak direla defendatu du Iturriagak: «Langileak bagara, langile moduan kexatu behar dugu. Errespetu osoz, baina ez manifestu poetikoak idazten».

«Kulturgintza entzuten dugunean, ibilbide profesionalari erreparatzen diogu. Ongi da, baina badu bere arriskua: kultura egiten ari den masa erraldoi bat uzten ari gara kanpoan»

IHITZ IRIART Musikari eta sortzailea

Euskarazko kulturgintza, ordea, ez dute osatzen profesionalki hortaz bizi diren horiek bakarrik: Ihitz Iriart musikari eta ikerlariak kulturgile ez profesionaletan jarri du fokua. «Kulturgintza entzuten dugunean, ibilbide profesionalari erreparatzen diogu. Ongi da, baina badu bere arriskua: kultura egiten ari den masa erraldoi bat uzten ari gara kanpoan». Gaineratu duenez, Euskal Herriko kulturgintzan makina bat jende dabil, eta adibide batzuk eman ditu: herriko inauterietan, pastoraletan eta libertimenduetan parte hartzen duen jendea; dantza taldeetako dantzari heldu zein gazteak; antzerki amateurrean aritzen direnak; bai eta jarduera horiek antolatzen laguntzen duten pertsonak ere. «Horiek ere kulturgileak dira», berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.