«Negua dator, jendeak gore-texa dauka, eta gu mahuka motzetan gaude». Oihana Iguaran bertsolariarenak dira hitzok, baina eman dezakete euskal sortzaileek oro har sumatzen duten tenperaturaren berri. Legezko jantzi bat, artezko bizitza bati izenburupean, eta Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko kazetariak gidatuta, kulturgileen baldintzez solasean aritu dira Iguaran, Maia Iribarne musikari eta bideogilea, Joseba Larratxe komikigile eta ilustratzailea, eta Bernardo Atxaga idazlea, Donostian, Lanarteak eta UEUk antolatutako Euskal Artisten II. Mintegian. Eta lauren hitzek agerian utzi dute legezko jantzi hori aski motz geratzen zaiela euskal kulturgileei.
Ikusi gehiago
«Lehen gezia urrutira», erretiroa hartzeko momentura bota du Astizek, haren ustez, erretiroari buruz aritzea «izan daitekeelako modu bat legezko jantziek artezko bizitzak janzteko zailtasunei buruz aritzeko ere». Beren burua sorkuntzan lanean erretiratzen ikusten ote duten galdetu die lehenik, eta esanguratsua izan da lehen erantzuna: «Ez... dakit», esan du Larratxek. Zalantza Iguaranek ere, zail ikusten duela erantzun du, egoeraz pentsatzean burura etorritako lehen irudia «negua galtzerdirik gabe pasatzea» dela azalduta. «Eremu ez-produktibo guztia basamortua da neguan». Eta ñabardurak dituen baiezko batez erantzun du Iribarnek. «Iparraldean badugu artista estatus bat; hor ez dira artista guztien lanak sartzen, baina badago lege koadro bat erretreta bat posible ikusteko. Horregatik erantzun dut baietz; jakinik biziki urrun dela niretzat urtetan erretreta, eta sistema hori edozein momentutan eror daitekeela».
Erretiro aktiboa hartua dago Atxaga, eta entzuleen aurrean «striptease fiskal bat» egiteko baliatu du galdera. «Geroztik datozenek atera ditzatela kontuak», ohartarazi du, eta zenbaki gordinak jarri ditu mahai gainean. Azaldu du duela 50 urte hasi zela lanean, 33 urte dituela kotizatuak, horietatik 27 autonomo gisa. «Nire pentsioa, orain dela bi urte kobratzen hasi nintzena, teorian 401,19 eurokoa da, baina gero ez dakit zer kentzen didaten medikua eduki dezadan eta abar, eta 280 euroan geratzen zait». Zehaztu du erretiro aktiboa ez balego 700-800 euroko pentsioa jasoko lukeela, baina ezingo lukeela kobratu idatzi duen azken liburuagatik edo hitzaldiak emateagatik. «Adibidetzat jartzen dut zer datorren kontsideratzeko».
Zenbakiak eman ditu Larratxek ere, baina, hain justu, baldintza egokiagoetan lan egitea zer den erakusteko. Unai Iturriaga eta Harkaitz Canorekin batera, Ni ez naiz Mikel Laboa komikia argitaratu zuen 2022an, eta, kalkulatu zuenez, bi urtean 2.200 ordu eman zituen lan hartan. Mikel Laboa katedraren eta beste erakunde batzuen laguntza ezinbestekoa izan zela azaldu du: «Komiki hura imajina genitzakeen baldintza onenetan egin genuen, eta ziurrenik ez dira errepikatuko; hori posible izan zen atzean katedra zegoelako. Argitaletxe bat egon balitz soilik, normalean 1.500 euro izango ziren hiru egileentzat, eta ‘zuek ikusi zenbat denbora’. Katedrarekin oinarri bat adostu ahal izan genuen. Eta hirurok esaten dugu komiki hau ondo atera zela baldintza horietan egin ahal izan genuelako, gauza hauek egin beharko liratekeen bezala. Beraz, nahiko kasu ezohikoa da».
«Non dago gure patroia?»
Pandemia garaiko kulturgintzaz hitzaldi bat eman zuen Iguaranek 2021ean, eta esaldi bat proiektatu zuen horman: Kulturgintzatik bizi daiteke, baldin eta kultur sortzailea ez bazara. Eta ordutik egoera ez dela gehiegi goxatu iruditzen zaio. «Uste dut bizitza, jubilazioa eta hori guztia askoz bideragarriagoa dela kulturgilearentzat ez ezik inguru guztiarentzat». Kulturgileen eremua bestelako lanek sostengatzen dutela ohartarazi du, bai norberak egindakoek, bai ingurukoenek. «Eta gauza bera ikusten dut euskalgintzan ere».
Atxagak, berriz, bere ustez euskal sortzaile ororentzat «funtsezkoa, oso erabakigarria» den galdera bat bota du: «Non dago ugazaba? Non dabil, non bizi da gure patroia?». Patroi hori «agintaritza poliformo» izendatu du idazleak, hainbat forma hartzen dituelako, hala nola Jaurlaritzarena, aldundiarena, argitaletxearena, unibertsitatearena, elkartearena... «Guk ugazaba asko ditugu, eta horien guztien atzean, beste ugazaba dago, gure euskal gizartea. Esaten dudan hau ez da euskal gizartearentzat inolako losintxa, ze pentsatzen dut guri gertatzen zaigunaren erdia gizartearen errua dela». Alde batera hori ona dela azaldu du idazleak: «Agintaritza polimorfo horri komeni zaio guk lan egitea, ze hizkuntza, euskara eta abar, hori dena edukitzea da Santaderkoengandik bereizten gaituena, eta kapital sinboliko handia da hemengo politikarientzat». Baina alde makurra ere aipatu du, haren ustez ez dutelako «halako premia intimorik sentitzen».
Lanen zabalkundean ikusi dute arazoaren beste gakoetako bat Iribarnek eta Larratxek. Iribarnek kontatu duenez, Bañolet filma hastapenetatik bururaino euskaraz sortzea erabaki zuten —«naturaltasunez eta hautuz; hori zen gure ardatz nagusietako bat»—. Baina gero jabetu ziren «zein problematikoa den euskara hutsean, azpititulurik gabe, film bat ematea». Era berean, lanen promozioan indar handiagoa jarri beharraz ohartarazi du Larratxek: «Uste dut euskaldunok hankamotz geratzen garela beti lanon zabalkundean; nik hor ikusten dut arazorik handiena».