Hilberria

Epelde: trikitilari «lagunkoia»

Tomas Soraluze 'Epelde', 2022an Azkoitian jasotako omenaldian. EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA
Tomas Soraluze 'Epelde', 2022an Azkoitian egin zioten omenaldian. EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA
garbine ubeda goikoetxea
2026ko abuztuaren 24a
13:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Familiaren baserriak eman zion izen artistikoa Tomas Soraluze Balentziaga Epelde-ri. Azkoitian sortu zen, 1945ean (Gipuzkoa), eta txikitandik izan zuen herri musikari eta tradizioari lotzeko aitzakia: aita bezala aitona dultzaineroak zituen, eta aitak panderoa ere jotzen zuen tarteka. Hari, baina, soinuak sortu zion lilura, anaia zaharragoak horietako bat etxera ekarri orduko. 7 urte inguru izango zituen hura hartu eta hauspotzen hasi zenean. «Soinuari eusteko lain» ere ez omen zen orduan, trikitilariak berak Maxixatzen aldizkariari aitortu zionez. Larunbatean zendu zen,81 urte zituela.

Garai bereko trikitilari gehientsuenek bezala, bere kabuz ikasi zuen jotzen: belarria luzatu, entzun eta entzundakoa jotzen saiatu. Askorentzat maisu bilakatzeraino lortu zuen helburu hura. Baina bidea ez zen malkarrik gabekoa  izan. «Bezperan ikasitakoa biharamunerako ahaztu» egiten baitzitzaion behin baino gehiagotan. Eta doinurik gutxi heltzen zen etxera astegun buruzurietan. 17 urte zituela heldu zitzaien irratia. Musika ikasketen falta ere sumatu zuen, baita baliabide falta ere, gerora etorritako trikitilarien aldean: «Oraingoek erraztasun handia dute musika konposatzeko, musikako ikasketak ere badituztelako. Dena eskura dute. Gure garaian, ordea, zaila zen piezak sortzea».

1972an txapeldun

Luziano anaiarekin batera joz egin zuen izena Epeldek, batez ere Euskal Herriko Trikiti Txapelketa irabaztearekin batera. 1972an izan zen hori, Donostiako Trinitate plazan. Alabaina, Anjel Larrañaga pandero jotzailearekin Epelde eta Larrañaga bikotea osatu zuenean izan zuen aldirik oparoena. Hiru disko ondu zituen bikoteak, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu hirurak ere: Elkarren ondoren (1999), Noiz arte? (2001) eta Agur (2004). Haien abestirik ezagunena, Kupela, lehen diskoan plazaratu zuten.

Diskoetarako ondutako abestiez gain, Epeldek hiru pieza sortu zituen Geure kolkotik disko bildumarako. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bideratu zuen bilduma hori, hain zuzen, pieza sorkuntza sustatzeko. Iturbide zenak panderoarekin lagunduta grabatu zituen Epeldek hiru pieza horiek. Eta aipatutako pandero jotzaileak ez ezik beste hainbat ere izan zituen bidelagun, hala nola Egurrola, Landakanda, Berastegi eta Lutxurdio.

Baikor begiratzen zion trikitiaren etorkizunari. Halaxe adierazi zuen 2018an: «Trikitilari asko dator; gazte mordo bat ari da soinua ikasten. Emakumeak asko, gainera. Dantzariak ari dira jaisten, eta horrek pena ematen dit. Gu gazteak ginenean, soinua jotzen hasi aurretik, jendea dantzan hasteko zain izaten genuen. Orain, ordea, hori falta da. Gazteek ikasi egin beharko dute jende askorik gabe soinua jotzen. Gu, jende aldetik, erromeria galantak egindakoak gara».

Euskal Herriko plaza askotan eta askotan aritua izanik, Epelderi omenaldi bat baino gehiago egin zizkioten bizi zela, besteak beste Oñatin (Gipuzkoa) eta Aizarnazabalen (Gipuzkoa). Horietarik azkena 2022an egin zioten, sorterrian, San Jose trikiti jaialdian. Hartan, trikitilariaren «abilezia», «izaera lagunkoia» eta «berezko irribarrea» nabarmendu eta txalotu zituzten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA