Tomas Soraluze Epelde (Azkoitia, Gipuzkoa, 1945) trikitilaria hil zen atzo, 81 urte zituela. Martirietako Epelde-Goikoa baserrian jaioa, hainbat urte eman zituen trikitiari lotuta, eta plazaz plaza aritu izan zen soinu txikiarekin giroa alaitzen.
Epelde familia beti izan da trikitiari lotutakoa, eta hark aitarengandik jaso zuen trikitia jotzeko afizioa: «Aitak bere soinua zuen etxean, eta anaia zaharra hasi zen jotzen gurean lehendabizi. Gero ni hasi nintzen haren atzetik, 7 bat urterekin, soinuari eusteko lain nintzela. Etxean soinua zegoelako hasi nintzen jotzen», gogoratu zuen 2018an Maxixatzen aldizkariari emandako elkarrizketan.
Trikitilaria autodidakta izan zen, eta Laja zenarekin batera, bide oparoa egin zuen trikitiaren munduan, Sakabik eta Egañazpik hasitako bidea gazteengana eramateko. Belaunaldi berriei trikitiaren tradizioa transmititzeko egin duen lanagatik, oso estimatua izan da Epelde trikitiaren munduan.
Euskal Herri guztian zehar ibili zen Epelde soinu txikiarekin erromeriaz erromeria; gutxi izango dira hark zapaldu gabeko plazak. Hainbat pandero jotzaile izan ditu ondoan; besteak beste, Luziano anaia, Egurrola, Landakanda, Iturbide, Berastegi, Larrañaga eta Lutxurdio. Euskal Herriko Trikiti Txapelketan ere parte hartu zuen behin baino gehiagotan, eta 1972. urtean txapela jantzi zuen Donostiako Trinitate plazan, Luziano anaiarekin.
Jarraitu irakurtzen Azkoitiko Gukan.