‘La mesita del comedor’ eta ‘Cuando acecha la maldad’ filmek jaso dute ikusleen saria Donostiako Beldurrezko Astean

'Ex aequo' gailendu dira Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astean. Epaimahaiak Rodrigue Huarteren ‘Transylvanie’ lanari eman dio film laburrik onenaren saria.

'Cuando acecha la maldad' pelikularen fotograma bat. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMA ASTEA.
2023ko azaroaren 3a
14:33
Entzun

Gaur amaituko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea, eta jada jakinarazi dituzte irabazleen izenak. Bi film nabarmendu behar dira: izan ere, Caye Casas katalanaren La mesita del comedor eta Demian Rugna argentinarraren Cuando acecha la maldad pelikulek ex aequo lortu dute film luzerik onenaren ikusleen saria.

Beste hainbat film ere saritu dituzte ikusleek. Animaziozko film laburrik onenaren saria David Fidalgoren Sandwich Cat filmak lortu du; Espainiako filmik onenarena, berriz, Lucas Paulinok eta Gabe Ibañezek irabazi dute, Ahora vuelvo lanagatik; eta laburrik onenaren saria Rodrigue Huarteren Transylvanie filmarentzat izan da. Hain zuzen, azkenhorrek irabazi du epaimahaiaren sari nagusia ere. Haurren jazarpena lantzen du filmak, eta, epaimahaiaren ustez, sentsibilitatez eta umorez jorratzen du gaia. Gainera, pelikularen eszenaratzea, argazkigintza eta musika nabarmendu dituzte, baita pertsonaien rola ere. «Zinemagile handi bat ari da ernaltzen». Sari gehiago ere eskuratu ditu Transylvanie filmak: lan horrek eskuratu ditu, hain zuzen, Europako film laburrik onenaren Zilarrezko Melies saria eta gazte epaimahaiaren film laburrik onenaren saria.

Horrez gainera, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Louise Groulten Gertrude et Yvan Party Hard film laburrari, besteak beste, filmaren «nortasun ez-konbentzionalagatik, umore bihurriagatik, pertsonaia amorragarri bezain hipnotikoengatik eta harritzeko duen gaitasunagatik».

Espainiako film laburrik onenaren Sfy saria Mortelli, un cas perdut filmari eman diote. Eta, azkenik, kritikaren epaimahaiak F. Javier Gutierrezen La espera filma saritu du. Gaur gauean bukatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea, River filmaren proiekzioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.