'La tabernera del puerto', Pablo Sorozabalen zarzuela, Donostian izango da

Josean Garcia izango da eszenaratzeaz arduratuko dena, eta Arkaitz Mendoza musika zuzendaria

Donostia
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Sasibill Elkarte Lirikoak Pablo Sorozabal konpositorearen La tabernera del puerto zarzuela taularatuko du Donostian, urtarrilaren 26an. Arkaitz Mendoza BERRIAko musika kritikaria arituko da musikaren zuzendaritza lanetan, eta ikuskizunaren eszenaratzeaz Josean Garcia arduratuko da. Horien gidaritzapean arituko dira Ruth Nabal sopranoa, Marta Moreno abeslari eta aktorea, Andres Veramendi tenorea, Arturo Pastor baritonoa, Jesus Lumbreras baxua eta Ainhoa Aierbe aktorea. Sotto Voce orkesta sinfonikoa, Sasibill koroa eta Pedro Aginaga concertinoa ere arituko dira obran.

Sorozabalek zarzuela hori Bartzelonan aurkeztu zuen lehendabizikoz, 1936an, 36ko gerra hasi baino egun batzuk lehenago. Kantauri itsasoaren kostaldeko arrantzale herri batean kokatzen da, 30eko hamarkadan. Maitasun istorio bat da obraren ardatza, zoritxarreko gertaerez eta legez kanpoko jardunetan aritzen diren pertsonaia batzuez hornitua. Garciak, lanaren ekoizpen arduradunak, bertan drama bat kontatzen dela adierazi du. «Dena dela, kontrapuntu komiko bat ere badauka. Tabernako mozkor bikoteak eta beste pertsonaia batzuek jartzen diote obrari umorea». Juan de Eguiaren taberna da gertaeren eremu nagusia, non Marolarekin batera jarduten duen. Garciak nabarmendu nahi izan du konposizio honek zarzuelaren abesti ezagunenetarikoak biltzen dituela. Besteak beste, bertan interpretatuko dituzte No puede ser, En un país de fábula, Chibiri Chibiri eta Despierta negro erromantzak. Abestiak eta banakako pieza musikalak ere biltzen ditu zarzuelak.

Mendoza zuzendariak uste du obra honek argi erakusten duela Sorozabalen konposizioen konplexutasuna. «Abestiak eta abeslariak modu harrigarrian ulertzen zituen». Horren harira, partiturek tempo aldaketa zailak dauzkatela iritzi du: «Konpositoreak abeslarien arnasketarekin erabat koordinatu zituen», hori osatzean. Zati komikoetan obrak duen «erritmo bizia» ere goraipatu du.

Zarzuela Viktoria Eugenia antzokian izango da, 19:30ean. Sarrerak eskuragarri daude 15, 25 eta 35 euroren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.