Laguntzetan jasotakoa baino gehiago itzultzen du zerga bidez euskal zinemagintzak

Sektorearen egoera sozioekonomikoaren ikerketa aurkeztu du Ibaiak. Enpresa sare sendoa dagoela ondorioztatu du, eta pizgarriei eusteko beharra aldarrikatu

Amama filma Sail Ofizialean lehiatu zen Donostiako Zinemaldian 2015. urtean. TXINTXUA EKOIZTETXEA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Zinemagintza laguntza publikoetatik bizi dela maiz errepikatutako esaldia izan da urteetan. Ezjakintasunak sortutako ustea izan daiteke, baita iritzi interesatua ere zenbaitetan, Jose Portela Ibaia elkarteko lehendakariaren ustetan. Baina ez da hori izan sektoreko ekoiztetxeen esperientzia. Eta datuen bidez erakutsi dute uste faltsua dela hori. Zinemagintzaren sektorean ari diren euskal ekoiztetxeen eragin sozioekonomikoaren ikerketa aurkeztu du Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak. Eta, besteren artean, datu argi bat utzi du lanak: laguntzetan jasotzen duena baino diru gehiago itzultzen duela sektoreak zergen bidez.

Euskal ekoiztetxeei 3.893.739 euro eman zizkieten zinema ekoizpenetarako 2014. urtean, ICAAk (Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Institututik) nahiz Eusko Jaurlaritzak. Bada, zergen bidez, 4.494.554 euro itzuli zizkioten enpresek administrazio publikoari. 600.815 eurokoa da aldea, positiboan. Zenbaki hori eta ikerketako beste hainbat xehe azaldu zituen Iñigo Artetxek, azterketa egin duen Ikertalde etxeko arduradunak, atzo Portelarekin eta Ibaiako kudeatzaile Ignacio Rotaetxerekin batera eginiko agerraldian. Sektorearen argazkia ateratzeko, 2010. eta 2015. urteen arteko epea hartu dute aintzat. Metodologiaren barruan, askotariko bideak baliatu dituzte: galdetegia igorri diete sektoreko enpresei, baita elkarrizketak egin ere; 74 enpresaren jarduera ekonomikoa aztertu dute, eta hamar ekoizpen zehatzen datuak ere bai; eta ICAAren azken bost urteotako buletinak analizatu dituzte. Helburua, Rotaetxek azaldu zuenez, ikus-entzunezkoen sektore zabalaren barruan, zinemagintzaren arloko enpresen egoera ezagutzea izan da. Produkzioaren kate osoan dauden enpresei begiratu diete; zinema egiten dutenei, baita filmak egiteko zerbitzuak eskaintzen dituzten horiei ere.

Aztertutako epealdian, 93 izan ziren gutxienez ekoizpen bat sortu zuten enpresak. 48k fikzioko edo animazioko film luzeak egiten dituzte, eta beste 45ek, berriz, dokumentalak edo film laburrak. «Sare sendoa» osatzen dute guztien artean, eta horren erakusle jarri zituzten haien datu ekonomikoak: 2014. urtean, 61,9 milioi euroko inpaktu globala izan zuten, eta lanaldi osoko 765 lanpostu biltzen zituzten denen artean. Film luzeak egiteko diruaren %60 euskal enpresetara bideratu da; %90eraino igotzen da portzentajea euskarazko filmen kasuan.

Epealdi horretan, guztira, 66 film estreinatu zituzten. Hala, urtean, batez beste, 11 lan luze ekoitzi zituzten enpresa horiek: bederatzi fikziozko lanak izan ziren, eta beste bi, berriz, animaziozkoak. Fikziozkoen artetik, 2,5 izan ziren euskarazko lanak, eta animaziokoen artetik, berriz, 1,8.

Murrizketak laguntzetan

Sektoreak kultur ekoizpenak sortzen dituela, gai eta genero aldetik askotarikoak direla, eta herritarrek askotariko eskaintza hori jasotzeko eskubidea dutela nabarmendu zuen Portelak. Halaber, administrazioaren laguntzarekin —proiektuetan ETBren parte hartzea nabarmendu zuen— urteotan ekoizpenen kalitateak gora egin duela azpimarratu zuen, euskarazko hainbat filmek jaialdietan eta nazioartean egin duten ibilbidea adibidetzat jarrita.

Azken bost urteetan ICAAren diru laguntzak erdira jaitsi direla azaldu zuen Portelak, eta hainbat partida —hizkuntza gutxituetako ekoizpenetarakoak, tartean— desagertu egin direla. Egoera hori ikusirik, bai Nafarroako Gobernuak bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek martxan jarritako zerga pizgarrien politikekin aurrera jarraitzeko eskatu zuen, «laguntza zuzenen murrizketak konpentsatzeko». Egiteko dauden arau aldaketak zehazteko ere eskatu zien instituzioei, inbertsoreei «egonkortasun juridikoa» emate aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.