Landarbaso abesbatza: «poztasun eztanda bat» Asiako Grand Prix finalean

Asiako Grand Prix finala irabazi du Landarbaso abesbatzak, Balin. Gaur han arituko da berriro, Baliko Nazioarteko Koru Lehiaketan

Landarbasokoak Asiako Grand Prixeko saria eskuratzerakoan. LANDARBASO.
Nagore Garmendia Artano
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
«Ez dute guk bezala abestuko», esan zuen Iñaki Tolaretxipik, Landarbaso abesbatzako zuzendariak, duela egun batzuk, Asiako Grand Prix finalaren inguruan galdetzean. Haien aurkariek ez zuten haiek bezala abestu, ez. Errenteriako (Gipuzkoa) abesbatzak historia egin zuen asteartean, munduan Grand Prix bat irabazten duen Euskal Herriko lehen korua eta Asiako Grand Prix irabazten duen lehen koru europarra baita: «Oso momentu berezi eta gogoangarria izan zen», adierazi du Miren Agirregomezkorta abesbatzako kideak.

Adierazi dutenez, oraindik kosta egiten zaie Balin (Indonesia) gertatu zena onartzea: «Kontziente gara, bai, baina arrazionalki bakarrik. Ez dugu sinesten irabazi dugula». Astearte eguerdian egin zuten Asiako Grand Prix finala —hemengo 08:00etan—, Baliko Giri Nata Mandala aretoan. Indonesiako aretorik handienetariko bat da hori, eta Landarbasorentzat, «erronka handia» izan da han irabaztea: «Aretoa erraldoia da, eta oso zaila da hori dena ahotsarekin bakarrik betetzea». Hala ere, esan dutenez, musika hobeto helarazteko aukera izan zutela iruditu zitzaien.

«Askotariko» programa bat eskatu zieten finalerako: «Iñakik, zuzendariak, oso ondo asmatu du», adierazi du Agirregomezkortak. Estilo desberdineko eta «teknikoki oso zailak» diren bost obra eraman zituzten, horien artean euskarazko bi. Bost obra horietatik bi Filipinetako eta Indonesiako koruek ere kantatu zituzten:haien aurkaririk gogorrenek, alegia. Dena den, horrek ere ez du eragin Errenteriako abesbatzaren gainbehera. Hogei minutuko tartea zeukaten bost obra horiek kantatzeko, eta 18 minutu eta 18 segundoan egitea lortu zuten.

Euforiatik lur hartzera

Baliko Kartika Plaza hotelean izan zen sari banaketa, Asiako Grand Prix finala amaitzeko eta gaur hasiko den Baliko Nazioarteko Koru Lehiaketa abiatzeko. Landarbasok parte hartuko du horretan ere, bigarrenez. Izan ere, 2019an lehiaketa hori irabazteagatik eskuratu zuten Grand Prixerako txartela. Hiru modalitatetan hartuko dute parte aurten: erlijio musikan, abesbatza mistoetan eta folklorean, eta, astearteko garaipena ospatzen duten bitartean, gaurko lehiaketarako prestatzen ari dira. «Poztasun eztanda» bat aipatu du Agirregomezkortak. Ez zuten espero epaimahaiak erabakia hain azkar hartzerik: «Errente hitza entzun orduko oihuka hasi ginen denak, elkar besarkatzen. Momentu euforikoa izan zen».

Pozik daude finala irabazteagatik, baina «oinak lurrean» dauzkate gaurko, gauza asko geratzen baitira oraindik prestatzeko. Oraingoan, lasai entseatzeko aukera dute, ordea. 31 orduko bidaia egin zuten Balira iristeko, eta, horrek dakarren nekea gainean zutela, Asiako Grand Prix finala irabazteko gai direla erakutsi dute Errenteriakoek. Argi utzi dute mundu osoa kantuz konkistatzeko adinako talentua dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.