'ortupoemak'
Idazlea: Leire Bilbao. Ilustratzailea: Yolanda Mosquera. Argitaletxea: Pamiela
Ortukoak eta fruta arbolak, eta haien inguruan dabiltzanak; direla pertsonak, direla piztiak, direla zomorroak. Guztiak jatearen aitzakian konbokatuak dira liburu honetara. Begira iezaiezu azaleko ilustrazioan.
Lau urtaroetan antolatuta dago liburua, kapitulu banarekin. Lauretan sasoiko gauzak aipatzen dira, hamar-hamabi olerkitan. Testu laburrak dira, hausnarketa, asmakizun edota deskribapen formarekin. Tonu umoretsuan, harridura eta irakaspena dituzte helburu; esaterako, armiarmak euria egin aurretik lurrera jaisten direla azaltzen digun Bainu-ordua ortuan poemak, beste intsektu batzuen ohiturekin batera.
Euskal esaera eta ohiturak tarteka agertzen dira, euskal baserria dei genezaken testuinguru kulturalean jar gaitzaketenak, estetikaren bidez. Naturari miresmenez begiratzen zaio, landare etxekotuak eta piztia zein zomorro hezigaitzak aktore sinpatikoak dira jatearekin zerikusia duen zerbaitetan ari direnean.
Testuen arintasun horretan irakurketa zuzena eskaintzen dute gehienek, baina bada irakurketa maila gehiago eskaintzen duen piezaren bat edo beste; esaterako, Pikondoaren bakardadea olerkia, hunkigarria egin zaidana.