Laster urte bat egingo du amama hil zela.
Bakarrik geratzen naizenean, (etxean zein kalean gertatzen zait, baina batez ere etxean), amamaren hutsunea nabaritzen dut eta bere oroitzapenarekin betetzen saiatzen naiz.
Zelan egiten didan irribarre bere ezpain amultsuekin. Zelan jartzen dituen atzamar bi ezpainen aurrean, pentsakor. Zelan hartzen duen arnasa berria sudurretik. Zelan begiratzen nauen bere begi dirdiratsuekin. Begi horiek zelan esaten didaten ulertzen nauela, edo ulertu nahi nauela, gure artean ulertu ahal izatea zail bihurtzen duen amildegia dugun arren: urteak, distantzia geografikoa. Munduak. Hizkuntza bera. Berarekin hitz egiteko nire munduaren itzulpena egin behar dut, edukiaren egokitzapena eginez lotura egin ahal dezan, baina baita bere hizkerara hurbilduz ere, bere euskalkia imitatuz. Berak bihotzarekin ulertzen nauela esango nuke, urrezko belarritakoekin apaintzen dituen belarri haragitsuekin bezain beste, eta begiekin esaten didala, ezpain finak zabaldu gabe, irribarre baterako bazterrak luzatuz. Beti, esfortzurik gabe. Edo egindako esfortzua garrantzirik gabekoa bailitzan. Esan izan banio, amoma, eskerrik asko ni ulertuteko iten dozun ahaleginegatik, musturra okertuko luke, burua gaitzespenez astindu eta esando luke, baie zer dinozu, seine? Ez esan holangorik.
Ez nago prest. Ez dut galdu nahi ni ulertzeko berezko jarrera erakusten duen presentzia hori nire aldamenean. Eskuak heldu nahi dizkiot eta ez askatu.
Nork eman zizkizun esku horiek, amoma? Kroketa perfektuak egiten zituzten eskuak, artazi luzeak hartuta oihala zuzen-zuzen mozteko gai ziren eskuak, soloan ilarrak batzen zituztenak abiada izugarrian, ezkutuan ematen zenidan dirua biribilkatzen trebe ziren eskuak —oin gastau, alabatxu, oin gastau, oin zara gazte ta—, pintatutako azazkalez eta urrezko eraztunez apaindutako eskuak, lan egiteko gomazko eskularruekin babestu dituzun eskuak, ur-txorrotadaren azpian ikusi ditudanak hainbestetan, harrikoa egiten, arroparen bati mantxa itsusi bat kentzeko indarrez igurzten. Nik zure etxera garbitzeko ekarritako arropa baten mantxa. Telebista ikusten zenuenean altzoan atseden hartzen zuten eskuak. Egongelako tiraderan aurkitu genuen koadernoko telefono zenbakiek erliebea uzten zuten paperean boligrafoa estu-estu hartuta idatzita egoteagatik. Algortako etxeko balkoitik, hirugarren pisutik, eskuarekin agur esaten, aitite zure ondoan. Nire haurtzaroko errege-erreginak hor goian, geranio gorrien atzean, distantziagatik txikituta. Karakola eta barea. Amoma Presen eta aitite Mauri.
Aitite ere hil zen amama hil eta urte erdira. Ezin izan zuen luze bizi bere Presen gabe.
Ama doluan nabari dut. Niretzat ez da posible jakitea zer izan den nire amoma Presen berarentzat. Bere ama izan da. Ez dugu hitz egiten berak bizi duen doluaz, ez eta nireaz ere, eragiten dizkigun emozioez hitz egiten ez dakigulako. Baina amari igartzen diot, zail egiten ari zaiola. Niri baino zailagoa.
Amama kontatu dezaket prestatu dizkigun janariekin, josi dizkigun arropekin, oparitu dizkigun media eta eskularruekin, herentzian utzi dizkigun painelu eta berokiekin, tiraderan geratu diren paperetako telefono zenbakiei edo kaxa batean gordeta zituen argazkiei begira. Amamaren kanpoko mintzak baino ez dira horiek. Askoz gehiago sartzen da amamaren barruan, ikusezina den beste guztia. Hobeto ala txartoago, asmatu egin behar den amama bat. Izan daitekeen amoma. Egiantzekoa eta sinesgarria. Osagabea edozelan ere.
Barrutik doa deszifratu ezin dena. Denborak sortu duen, denboran izan den korronte isila. Ume, emakume gazte eta ama, emakume heldu, adineko, izan den amama bat. Alaba izan dena urte asko eta askotan. Beti alaba bakar eta beti aita-gabe; oso nagusitaraino, pobre.
Maite izan dugun pertsona bat.
Eskuekin eman dio forma bere buruari. Eskuekin egin du bere burua. Bere eta gure jantziak egin dituen bezala.
Esku horiek hartu nahi ditut nireen artean. Esku horiek nire eskuei eustea nahiko nuke, bere eskuen laguntza behar dute nireek. Eskuetatik eskuetara. Eskuetatik zuzenean bihotzera.
Goitik behera begiratzen ninduen bere etxeko atetik sartzen nintzenean.
Jaka elegante dekozu gero, umea.
Gustetan jatzu?
Asko. Oso elegante ikusten dot. Eta gustaten jat zu elegante ikustea.
Bost euro, amoma.
Zenbet?
Bost. (Barreak) eta amamaren begiak adarra jotzen ari al naizen galdezka.
Nik baietz buruaz, bost euro, amoma.
Ez da barri ordun.
Ez.
Ba, barri lez.
Ez zuten printzipioek gidatzen. Unean unekoa onar zezakeen, zen bezala. Izaera praktikoa zuen.
Ondo egiten dit bera ondoan nuenean bizi nuenaz oroitzeak. Eskuei heldu ezin ez, eta sentipen horiei heltzen diet oroitzapenak dirauen bitartean. Besarkatuta sentitzen naiz. Maitatua.
Lan bila nabil.
Zein lan mota egin ahal dudan ere bilatu behar dut.
Hortik hasi nahi nuen. Aldiz, amamaz idazten aritu naiz. Zail egiten zaizkidan gauzak ez egiteko estrategiek irabazten dute. Edo zail egiten zaizkidan gauzak egin ahal izateko, beste gauzei lekua egin behar diet.
Beldurra gainetik kendu behar dut bila hasteko.
'LANGILE BATEN ALABA'
Idazlea: Irati Elorrieta.
Argitaletxea: Pamiela.
Generoa: eleberria.