Ebidentzia xume bat da, baina, kasu honetan, Meg Webster artista estatubatuarraren lastoz eraikitako eskultura erraldoiak pizten du itxuraz hain gardena dirudien egia horren kontzientzia: gutxitan izaten dute usainik Bilboko Guggenheim museoko erakusketek. Baina naturarekin eta, zehatzago, lurrarekin lotutako 48 artistaren artelanak bildu dituzte orain Lurraren arteak izeneko erakusketan. Bigarren solairu osoa hartzen du bildumak, eta, hain zuzen ere, lehen areto osoa betetzen duen lasto idor usain horrekin abiatzen da ibilbidea. Eta ez da kasu soltea. Bigarren areto osoa hartzen duelako Delcy Morelos artistak lurrez, sustraiz eta belarxkaz sortutako Sorgin instalazioak, eta, kasu horretan, baso heze baten usainak betetzen duelako gela. Asad Raza artista pakistandar-amerikarrak museora eramandako 26 zuhaitz daude hirugarren aretoan, eta Mar de Dios artista bilbotarrak Orozko inguruan (Bizkaia) bildutako lur moldagaitzekin aurten bertan egositako zeramika pieza gordinak laugarrenean. Horiez gainera, besteak beste, Giovanni Anselmo, Joseph Beuys, Hans Haacke, Heidi Bucher, Agustin Ibarrola, Ana Mendieta, Asier Mendizabal zein Gabriel Orozkoren lanak ere hartzen ditu bildumak, eta datorren urteko maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik.
XX. mende erdialdekoa da erakusketako piezarik zaharrena —Jean Dubuffetek hostoz sortutako collage bat—, eta aste honetan bertan sortutakoa da berriena —Hector Zamora artistak Ion Munduate performerrarekin Bilboko museoan bertan egindako ekintza baten lekukotza biltzen duen ikus-entzunezkoa—, baina ibilbideak ez du norabide kronologiko edo tematikorik jarraitzen. Manuel Cirauqui komisarioak azaldu duenez, artistek baliatutako materialen arabera eta haien artean sor daitezkeen hartu-emanek gidatu dute antolaketa.
«Une batetik aurrera artelanek abandonatu egiten dute etorkizunaren ideia: hilkorrak diren materialak erabiltzen hasten dira artistak»
MANUEL CIRAUQUI Komisarioa
Material horietako asko material biziak direla ere aipatu du, eta horregatik esan du erakusketa «erronka handia» izan dela museoarentzat. «Sei hamarkadaz arte garaikideak bizi izan dituen transformazioen berri ematen du erakusketak; eta une batetik aurrera artelanek abandonatu egiten dute etorkizunaren ideia. Hilkorrak diren materialak erabiltzen hasten dira artistak, eta museoentzako desafio bat da hori». Euren definiziorik klasikoenean, hain justu, obren biziraupena bermatzeko sortutako gune babestuak izan direlako museoak.
Erakusketaren izaera kolektiboa ere nabarmendu du Cirauquik, eta bertan parte hartu duten artista talde esanguratsu bat izan da hedabideentzako antolatutako bisitan ere. Asad Raza izan da haietako bat. Azaldu duenez, hurrengo ehun urteetan bizirik iraun behar luketen arbolak dira museoko hirugarren aretoan ikusgai jarri dituen guztiak, eta erakusketa amaitutakoan berriz ere landatu egingo dituztela ziurtatu du. Hala egin izan du pieza hartu duten beste museoetan, eta horixe egingo du Bilbon ere. «Baso bihurtzen den pieza bat da hau, edo baso bat da, une batez, artelan bilakatzen dena».
«Beste arte batzuen kasuan bezala, zeramikagintzan ere lanaren parte handi bat ikusezina izaten da»
MAR DE DIOS Artista
Mar de Dios artistak hamarkada bete baino gehiago darama zeramika lantzen, eta material hori bera baliatu du Guggenheim museoan ikusgai jarri dituen artelanak sortzeko ere. Azaldu duenez, orain gutxira arte dendetan erositako zeramikarako lurra erabili izan du lanerako. Oraingoan, ordea, lur «basatiagoak» baliatu ditu. Orozko inguruko mendietan bildutako lurrekin sortu ditu piezak, zehazki. Urtebetez aritu da artelanak sortzen, eta, material horiekin esperimentatzen eman ditu hamabi hilabete horietako zortzi. «Beste arte batzuen kasuan bezala, zeramikagintzan ere lanaren parte handi bat ikusezina izaten da».
Guggenheimen lohiak
David Bestue artistak lokatzez eraikitako lau egitura jarri ditu ikusgai erakusketan. Erdian zulo bat duten lau harlauza dira, zehazki, baina, kasu honetan, esanguratsua da piezak osatzeko baliatutako lohiaren jatorria ere. Artistak azaldu duenez, Guggenheim museoaren aurrealdean jaso du eskulturak osatzeko lehengaia: Ibaizabaletik bertatik, alegia. «Guggenheim da Bilboren ikurra, eta ibaia litzateke hiriaren kontra-irudia». Erakusketa amaitutakoan, piezak berriz ere ibaiertzean utziko dituztela ere zehaztu du.
Artisten lanez gainera, euskal kulturak lurrarekin eta naturarekin duen lotura erakusten duten hainbat pieza etnografiko ere jarri dituzte ikusgai erakusketan; erlauntza bat bat, saski bat eta hainbat amuleto, tartean.
Erakusketa krisi klimatikoaren kontzientziarekin zeharo lotuta dagoela onartu dute Bilbok museoko ordezkariek. Horregatik, haren espirituarekin bat eginez, hura antolatzeak sortutako lorratz ekologikoa murrizteko saiakera ere egin du museoak. Elementu birziklagarriak baliatu dituzte, adibidez, aretoak elkarrengandik bereizteko oihalak sortzeko, eta eragingo zuten kutsadura kontuan hartuz egin dituzte garraio lanak ere. «Erakusketa honek probarako espazio bilakatu du museoa bera», azaldu du Cirauquik. Iberdrolaren babesarekin antolatu du erakusketa Bilboko Guggenheim museoak.
