Literatura

Latinoamerikako lohi historikoetan katramilatutako fikzioak

Definizio itxiei ihes egiten dieten nobelak idazten ditu Gustavo Faveron Patriau perutarrak. 'Vivir abajo' nobela laudatua da horren adibide, bai eta iaz kaleratu zuen ‘Minimosca’ ere.

Gustavo Faveron Patriau idazlea. CANDAYA
Gustavo Faveron Patriau idazlea. CANDAYA
Inigo Astiz
2025eko azaroaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haizeak kaiola huts bat gainezkatzen duen axolagabetasun berberarekin gainezkatzen dituzte euren sinopsiak Gustavo Faveron Patriauren nobelek ere. Vivir abajo monumentala horren adibide. 2019an eman zuen argitara egileak, baina ahoz aho, berredizioz berredizio handituz joan da haren prosa haluzinatu, fragmentatu eta, era berean, orohartzailearen eragina. Sendero Luminoso gerrillako burua atxilotzen duten egunean, George Walker Bennett izeneko zinemagile esperimental estatubatuar batek Limako etxe baten sotoan gauzatzen duen hilketa makabro batekin abiatzen da kontakizuna, baina krimen hori ez da konplikatzen joango den krimen kiribil sakonago baten oihartzun bat baizik; 25 urte lehenago, semearen izen bera duen George Walker Bennett izeneko aitak ere ——CIAren kolaboratzaile, torturatzaile, lurpeko kartzela sekretuen diseinatzaile eta, adi, Boliviako oihanetan Che Guevararen hiltzaile zuzen ere izandakoak— antzeko krimen bat gauzatu baitzuen AEBetan. Eta, hala, Latinoamerikako, AEBetako eta Europako biolentzia politiko eta horrore historikoaren korridore lohienetan hautsa pilatuz eta pilatuz doan ile bola baten pare doa haziz eta haziz eta haziz nobela ere, diktaduraz diktadura, hilketaz hilketa, sarraskiz sarraski; eta, atzera-bueltarik gabeko bide horretan, gainera, liburuaren ia 700 orrietan irakurleak etengabe topatuko ditu han-hemenka zoramenari eta horroreei buruzko fikzio hornigailu atergabeak diruditen pertsonaia sinesgaitzak. Literatur kiribil desatsegin bat, liburua zeri buruzkoa den erantzun beharraren trantzean dagoen edonoren zapatan.

1966an jaio zen Faveron, Liman. El Comercio egunkariaren Somos aldizkariko editore lanak egin zituen 1995etik 2000. urtera, artean Alberto Fujimori agintean zela, baina literaturarekiko lotura galduko zuen beldurrez AEBetara jo, eta Cornelleko Unibertsitate entzutetsuan egin zuen bere doktore tesia. Egun, AEBetan bizi da, eta Latinoamerikako Ikerketen zuzendari da Maineko Bowdoin Unibertsitate pribatuan. Eta egilearen literatur erudizio horren arrastoak ere igar daitezke bere prosan, baina sekula ez nabarmenzale agertzeraino.

Dioenez, nora doan jakin gabe hasten du idazketa. «Ezin dut idazketa helmugaren ziurtasunarekin irudikatu; nora helduko naizen ideiarik ere ez dudanean bakarrik idatz dezaket». Eta, kontatu izan duenez, esaterako, 2016ko maiatzetik abuztura arteko bost hilabeteko sukarraldian idatzi zituen Vivir abajo liburuaren lehen bertsioa osatzen zuten mila orriak, eta, ondoren, bi urte behar izan omen zituen idatzitako hori guztia nolabait antolatu eta gutxi gorabehera 300 orri pasa ezabatu ahal izateko.

Irakurri bezala idazten duela dio. «Liburuak irakurtzean, ez dut sentitzen hasieratik hasteko eta amaitzeko beharra dudanik ere —nahiz eta askotan hala egiten dudan—, eta, batzuetan, amaitzeko beharrik ere ez dut izaten, ezta liburuak gustuko ditudanean ere. Edozein orritatik sartzeko eta, gero, era berean, edozein orritan abandonatzeko aukera ematen didaten munduak bezalakoak dira nire libururik maiteenak: Borgesen ipuinak, Burtonen The Anatomy of Melancholy, Lezamaren Paradiso, Kixote-a, The Waves, La guerra del fin del mundo, Prozesua, Sir Thomas Browneren saiakerak, Vallejoren eta Pessoaren liburuak. Eta modu berean idazten dut».

2010ean eman zuen argitara bere lehen nobela, El anticuario, eta, 2018an, Vivir abajo argitaratu ostean, iaz kaleratu zuen 700 orritik gora doan Minimosca izeneko kontakizun atergabez osatutako eleberria. Horrez gainera, saiakerak ere eman ditu argitara. 2008an Bolaño salvaje saiakera bildumaren editore lanak egin zituen Edmundo Paz Soldanekin batera, eta Jorge Luis Borgesen unibertsoan murgiltzen den El órden del Aleph saiakera literarioa ere eman zuen argitara 2021ean. Argentinarraren El Aleph ipuin ezagunena da Faveronen lanaren muina, eta idazlearen estetika aztertzeko baliatzen du narrazioa. Hori egiteko, ordea, Borgesen beste kontakizun baten fikziozko pertsonaiaren larruan sartze da Faveron —La muerte y la brújula-ko Erik Lonnrot izeneko pertsonaiarenean, hain zuzen ere—, eta haren bidez heltzen da proposatzera Borgesen ipuina bere sasoiko horroreei emandako erantzun bat ere badela. Besteak beste, munduko literaturaren hamaika lanen oihartzuna ez ezik, Holokaustoaren, Hiroshimaren eta Nagasakiren aurkako eraso nuklearren eta Bigarren Mundu Gerraren itzala ere igartzen baitu Faveronek Aleph ezagunean.

Jazarpen salaketak

Eta Vivir abajo eleberrian ere antzera dabil Faveronen prosa, etengabe jauzi eginez gertakari historikoetatik pasarterik fantasiosoenetara. Liburuan behin baino gehiagotan errepikatzen den Che Guevararen hilketaren aipamena izan daiteke horren froga. Latinoamerikako hainbat diktaduraren nondik norakoetan murgiltzeaz gainera, Bigarren Mundu Gerratik ihesi heldutako hainbat nazi ere agertzen dira testuan, eta egileak Balkanetako gerraraino ere hedatzen du libururako sortutako tortura, espetxeratze eta mendeku sarea. Aurrez, fikzioaren eta errealitatearen arteko funambulismo jolas bera baliatu zuen El anticuario eleberrian ere. Onartu izan duenez, Egia eta Berradiskidetze Komisioaren txostenak baliatu zituen kasu hartan bere fikziorako, zeinak 1998tik 2000ra artean herrialdean izandako giza eskubideen urraketak ikertu baitzituen. Estatuarenak ez ezik, Sendero Luminoso eta Tupac Amaru mugimenduaren ekintzak ere ikertu zituen batzorde hark, eta 2003an aurkeztu zituen ondorioak. Eta txosten horretan bildutako kontakizun batzuk erabili zituen bere nobelarako Faveronek; tarteka, baita lerro osoak ere hartuta.

Hamaika laudorio jaso ditu egileak literatur lan horiengatik guztiengatik, baina 2016an hainbat emakumek sexu jazarpena ere egotzi zioten. Limako Nazioarteko Liburu Azokan Vivir abajo liburuaren aurkezpen ekitaldia ere eten zuten hainbat aktibistak, Faveron salatzeko. «Jazarleak ez dira txalotzen, bizkarra ematen zaie» zioten kartelak erakutsi zituzten ekitaldian. Sare sozialen bidez emakumeei jazartzea eta eskatu gabeko irudi sexualak bidaltzea egotzi zioten publikoki. Salaketak ez ziren epaitegietan formalizatu, eta egileak beti ukatu ditu akusazioak. Difamazioa ere egotzi zioten. Kasu horretan, bai, epaitegietan, eta AEBetan. Faveronek sexu jazarpena egotzi zion emakume haietako baten mezu elektroniko txatalak plazaratu zituen bere blogean, eta horregatik jarri zioten salaketa, AEBetako epaitegietan. 2019an izan zen hori, eta kasuak ez zuen aurrera egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.