Udaren hasieran egin zuen Latzen taldeak lehen keinua. Bere azken ekitaldian parte hartzeko gonbidapena egin zien Hatortxu Rock jaialdiak hainbat musika talderi, eta urteetako etenaren ostean oholtzetara itzuli zirenen artean izan zen Oñatiko (Gipuzkoa) heavy metal taldea. Hamazortzi urte zeramatzan Latzenek zuzenean jo gabe, baina Hatortxu Rockerako elkartu, eta orain itzulera horren barruan beste pauso bat emango du taldeak. Jada argitaratu du Memento mori kantu berria —Gasteizko Silverstar estudioan Iker Bengoak ekoitzi eta grabatutakoa—, eta urtearen amaieran iritsiko da haren hirugarren estudioko lana.
Taldea, nolanahi ere, eta Hatortxu Rocken ikusi zen bezala, aldaketa batekin dator. Jatorrizko laukote formazioari eutsi diote, baina taldearen hastapenetan zeuden lau musikarietatik hiruk segitzen dute Latzenen egun: Aitor Uriartek (ahotsa, gitarra), Joxemari Azpitartek (baxua, ahotsak) eta Gorka Lazkanok (bateria). Iker Martinez de Zuazo gitarristak taldean betetzen zuen tokia, berriz, Yerko Ortizek beteko du Latzenen azalberritze honetan.
Latzen 1993an sortu zuten, Oñatin, eta 1999ra bitartean, maketa batez gain (Heriotzari deika, 1995), bi disko luze kaleratu zituzten, Kontzientzia ala infernua (Oihuka, 1996) eta Ardi larruz (Oihuka, 1998). Oso hasieratik arrakasta handia lortu zuen taldeak, eta, artean diskorik atera gabe, Euskadi Gaztearen entzuleen saria eskuratu eta Egin Txotx lehiaketa irabazi zuen. Lehen diskoan heavy metal doinu indartsuak ziren nagusi, baina bazen baita oihartzun handia izan zuen balada bat ere, Laztana.
Taldeak bazituen hirugarren disko bat grabatzeko kantuak eginak, baina, 1999an, besterik gabe, agur esan zuen: «Hirugarren diskoa grabatzera sartzeko prest ginen, eta diskoetxearekin azken kontuak egitera autoan gindoazen, Lekeitiorantz, Angelillorekin elkartzera, Jabiertxo managerrarekin batera. Bidean, beste inongo misteriorik gabe, taldea uztea adostu genuen», adierazi zion urte batzuk geroago Uriartek Entzun! aldizkariari.
2007an itzuli zen azken bira bat egiteko Latzen, eta, orain, hamazortzi urte igaro ondoren, berriro da bueltan. Oraingoan, disko berri batekin.